Amurrio Bideanek bultzatutako Hazilan programaren hirugarren edizioa amaitu da. Ondorioz, 7 gazte lanean ari dira, batek negozio bati ekin dio eta 6 enpleguaren bilaketa aktiboan ari dira. Urrian hasiko da programaren laugarren edizioa, eta izen ematea uztailaren 15etik aurrera egin ahal izango da.
Aurten 14 pertsonak, 9 emakumek eta 5 gizonek, hartu dute parte Hazilan programan. 12 Amurriokoak izan dira, eta 2 Laudiokoak. Guztien artetik, 10 gaztek praktikak egin dituzte enpresetan. Horietatik 4k enpresa horietan lanean jarraitzen dute, eta 3k beste erakunde batzuetan aurkitu dute lana programak iraun duen bitartean. Partaideetako batek, martxan jartzen ari den negozio ideia baten bideragarritasun plana eraman du aurrera, eta beste batek programa lehenago amaitu zuen, lan merkatuan integratzeko aukera izan baitzuen.
Hazilanen helburua, kalitatezko enplegua bilatzen duten gazte koalifikatuak prestatzea da. Programaren lehen fasea prestakuntzakoa da, trebezia sozio-profesionalak hobetzeko eta marka pertsonala sortzeko, partaideari enpleguaren bilaketa prozesuan hobetzen laguntzeko. Hurrengo fasean praktikak egiten dira enpresetan edo enpresa bideragarritasuneko planak eramaten dira aurrera. 4 hilabeteko fase horretan, partaideek Amurrioko Udalak, Gazte Planaren bitartez, ematen duen beka jaso ahal izango dute.
Hazilanen laugarren edizioa
Irailaren 30ean hasiko da programaren laugarren edizioa. Aurretik, irailaren 23an, programaren aurkezpen jardunaldia egingo da. Programan parte hartzeko baldintzak, 20 eta 44 urte artean edukitzea, goi mailako graduko prestakuntza zikloko gutxieneko ikasketak izatea eta enplegua bilatzen aritzea dira. Lehentasuna izango dute Amurrion erroldatutakoek, eta horiek izango dira beka jasotzeko aukera izango duten bakarrak.