100 jarduera baino gehiago, adingabeen alkohol kontsumoa prebenitzeko kanpaina eta 500 jai ikurren banaketa prestatu ditu udalak sanrokeetarako

Erabiltzailearen aurpegia Amurrioko Udala 2019ko uzt. 25a, 07:02

Ekimen guztiak aurkeztu zituen Amurrioko Udalak asteartean./ Aiaraldea.eus

Ehun jarduera baino gehiago programatu ditu udalak, guztien gozamenerako. Gainera, jaietan adingabeei alkohola saltzearen inguruko kontrola eta kontzientziazioa bilatzen duen “Ez bazara heltzen, ez” kanpaina bultzatzen du. Hori gutxi balitz, balkoietan jartzeko 500 ikur banatuko dira herritarren artean.

Hilabete baino gutxiago falta da herriko jaiei hasiera emateko, eta Amurriok dena prest dauka txupinazoa jaurtitzeko. Gustu eta adin guztietarako jarduerez betetako egitarau zabala da, sei egunez udalerrian giro bikaina eta gozamena ziurtatzeko.

Abuztuaren 12tik 17ra, nagusiek eta txikiek musika eta kaleko antzerki onenaz, kirol jarduerez, karroza lehiaketa tradizionalaz eta gastronomia lehiaketez gozatu ahal izango dute, besteak beste.

Jaiak hasi aurretik, abuztuaren 11n, igandean, motorrak berotzen hasiko dira, X. Marmitako Lehiaketarekin. Horrez gain, egun horretan, umeek euro bateko prezio bereziarekin gozatu ahal izango dituzte atrakzioak.

Musika emanaldiak funtsezkoak dira jaietako programazioan. Azpimarragarriak dira Suaia eta Amal Rebelek eta Bad Sound Systemek abuztuaren 13an eskainiko dutena, eta 2019ko Amurriock Banda Lehiaketako pop kategoriako irabazlea izan zen Samoah eta Green Valley abuztuaren 14an arituko dira. Xabier Aburruzagak bere azken lana, ‘Bost’ ekarriko du abuztuaren 15ean, eta San Roke egunean Puro Relajo taldea, Trikizioren berbena eta DJ Ruba izango ditugu.

Abuztuaren 13an umeei zuzendutako hainbat jarduera izango ditugu. Goizean, udal parkean puzgarriak, ludoteka, tailerrak eta apar festa egongo dira. Arratsaldez ginkana bat antolatu da, zaku lasterketa, uztaien arteko jauziak eta artaburu bilketa, besteak beste. Hori amaitu ondoren, umeentzako berbena dago programatuta, Partyman Jonesen eskutik. Nerabeek, berriz, hip-hop eta popping tailerraz gozatu ahal izango dute San Anton plazan.

Kaleko antzerkia eta jarduera herrikoiak
Arte eszenikoek, antzerkiak eta dantzak leku berezia izango dute jaietako programazioan. Abuztuaren 13an dantzaldia izango dugu Jamaika Trio taldearekin Pilotaleku kalean, eta gauez bertso saioa programatu da Jon Maia, Miren Amuriza, Iñaki Viñaspre eta Irati Alcantarilla bertsolariekin.

Aiara Dantza Taldeak euskal dantza erakustaldia eskainiko du abuztuaren 15ean Juan Urrutia plazan, eta Malas Compañías zirko taldeak “Prozak” lana aurkeztuko du ostiralean, abuztuaren 16an. San Anton plazak, umeei zuzendutako Patata Tropikala taldearen “Kalean otso, etxean uso” antzezlana jasoko du, eta Juan Urrutia plazan Amer & África konpainiaren “Envá” antzezlana egongo da.

Jarduera herrikoiek ere protagonismo berezia izango dute jaietan. Horrela, abuztuaren 14an, 2.300 pertsonarentzako odolki jana egongo da, eta abuztuaren 16an koadrilen karroza desfilea. Horrez gain, ezin ditugu lehiaketa gastronomikoak ahaztu, igandean, abuztuaren 11n egingo den marmitako lehiaketa eta larunbatean, 17an, egingo diren patata tortila eta bakailaoa pil-pilean lehiaketak.

“Ez bazara heltzen, ez” kanpaina
Programa prestatzearekin batera, Udaleko Jaietako Sailak eta Adikzioen Prebentziorako Taldeak “Ez bazara heltzen, ez” kanpaina diseinatu dute. Kanpainaren helburua jaietan adingabeei saltzen zaien alkohola kontrolatzea da. Programak kuadrillen, elkarteen, txosnen ardura duten taldeen, APYMCAren eta Amurrio Bideanen laguntza ere izan du.

Kanpaina horren bitartez, adingabeei alkoholaren salmentari eta kontsumoari buruzko arautegiaren gaineko informazioa eman gura zaie. Horrez gain, alkohola saltzen duten saltokien inplikazioa ere bilatzen da, eta alkoholaren salmentari buruzko arautegia gogoraraziko zaie. Horretarako, kartelak eta informazio liburuxkak prestatu dira, eta janari dendetan, ostalaritzako establezimenduetan eta txosnatan jarriko dira, biztanle guztiak adingabeen artean alkohol arazoak prebenitzeak duen garrantziari buruz sentsibilizatzeko

Banderatxoak balkoietarako
Amurrio dotore jantzi nahi da jaiak ospatzeko. Horretarako, iaz banderatxoak banatu ziren udalerriaren erdialdean, balkoietan jartzeko eta txupinazo aurreko egunetan jai giroa berotzen joateko. Proba pilotuak oso harrera ona izan zuen herritarren artean eta, ondorioz, aurten berriro egingo da.
Udaleko Jaietako Sailak 500 banderatxo prestatu ditu amurrioarren artean banatzeko. Abuztuaren 1etik aurrera jaso ahal izango dira La Casonan dagoen Turismo Bulegoan, eta familia unitate bakoitzari banderatxo bat emango zaio.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide