Hiru Artzain omenduko dituzte bihar Amurrion

Erabiltzailearen aurpegia Amurrioko Udala 2019ko ira. 21a, 15:48

Eguerdian egingo dute omenaldia.

Bihar -igandea- Amurrion egingo den Artzain Egunean omenduko dituzten artzainen biografiak plazaratu ditu Amurrioko Udalak.

Jose Luis Menoyo Mendia. Larrabe-Agiñaga

1945eko ekainaren 21ean jaio zen, Agiñagan. Txikitatik ibili da ganadu artean, baina soldadutzatik itzulitakoan hasi zen abeltzaintzako profesional gisa lanean.

Agiñagan hazitako zazpi anai-arrebetatik, berak eta arrebak jarraitu zuten ustiategiarekin. Hasieran behiak eta ardiak zituzten, eta esnea saltzen zuten, baina esnearen prezioak jaitsi zirenean, ardi-gaztak egiten hastea erabaki zuten. Orduan, beren gaztandegia zabaldu zuten, Larrabe SC.

Artzai Gazta elkarteko kide dira eta Idiazabal Jatorri Deitura dute, eta gazta onenaren sari bat baino gehiago irabazi dituzte, hala Gernikako azokan nola Amurrion. Gainera, orain dela urte batzuetatik, beraiek irabazten dute urtero Aiaraldeko esne-kontrolaren ustiategi onenaren saria.

José Luis erretiratuta dago, baina ahal duen guztian laguntzen dio familiari. Gogor egin du la bizitza osoan; izan ere, artzainaren lanak sakrifizio handia eskatzen du eta ez da edonork egiteko modukoa. Baina José Luisi gustatzen zaio, eta ez du bere burua beste ezertan ikusten.

Paula Menoio Garcia de Kortazar. Ametzaga Zuia

1947ko uztailaren 20an jaio zen. Kasualitatez jaio zela esan dezakegu, bere aita ia fusilatu egin baitzuten gerran; San Inazio egunean atxilotu zuten, Gorbeian, beste 13 artzainekin batera, baina haren familiak ez zuen amorerik eman eta, horri esker, salbatzea lortu zuen. Handik urte batzuetara jaio zen Paula.

Txikitan, arkumeak jostailuak ziren beretzat. Hori horrela, ardiak asko maitatzera iritsi zen, eta haiekin profesionalki lan egin zuen. Lehenago Murgiako enpresa batean egiten zuen lan, baina, ama izan zenean, lan hori uztea erabaki zuen, bere lau alabekin denbora gehiago pasatzeko eta ardi-ustiategi bat sortzeko.
Paulak, urtean zazpi hilabetez egunsentitik gauera arte lan eginez, alaitasun eta maitasun handiz kudeatu du urte luzez 300 ardi baino gehiagoko artaldea. Gogor borrokatu du aurrera jarraitzeko, bere familiaren laguntzarekin eta bere lurraldearengatik sentitzen duen maitasunak bultzatuta.

Erretiratuta badago ere, oraindik artalde bat dauka. Ardiak pixkanaka saltzen ari da, ez baita erraza erosleak aurkitzea. Hain zuzen ere, horixe da bere penarik handiena, artzaintza desagertzea: “ez dago belaunaldi-aldaketarik; lan honek sakrifizio handia eskatzen du, eta ez du diru askorik ematen, duintasunez bizitzeko adina besterik ez. Hori dela eta, belaunaldi berriek ez dute artzaintzan aritu nahi, baina oso lanbide garrantzitsua da gure ingurunea ezagutzen dugun bezala mantentzeko”.

Paula harro dago artzaina izateaz eta grina handiz bizi izan du bere lanbidea. Esan digu Artzain Egunari izena aldatu eta Artzainen Eguna esan behar geniokeela, aitorpena egiteko bera bezala lan zail baina beharrezko honetan aritzen diren guztiei.

Goyo Otxoa de Zuazaola. Axpuru

1938ko uztailaren 6an jaio zen, Axpurun. Beste lau anai-arrebarekin batera hazi zen Lomendi baserrian, eta txikitatik landa-lanetik bizi izan da, animaliak zainduz, uzta ereinez eta artzain-lanak eginez.

Mari Carmen Zumalderekin ezkondu zen eta familiaren baserrian gelditu ziren. Bi seme-alaba izan zituzten, eta, denak bizi ahal izateko, esne-behiak eta 300 ardiko artalde bat zaintzen zituzten. Ardiek emandako esnea saldu egiten zuten.

Goyok konpromiso handia izan du beti lurrarekin eta lurra zaintzearekin. Orain erretiratuta dago, duela hamabost urte baino gehiagotik, eta bere semeetako batek jarraitzen du esne-behiaren ustiategiarekin. Nolanahi ere, Goyok artalde txiki bat zaintzen du oraindik, eta, horri esker, lurrari eta abeltzaintzari lotuta egoten jarraitzen du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide