Amurrioko, Laudioko eta Urduñako Udalak eta Aiarako Koadrila elkartu egin dira, hainbat jaitara joateko, datorren igandean egingo den Kilometroak ekitaldira, adibidez, antolatzen diren autobusetan alkoholaren kontsumoaren prebentziorako “Festara ere SANO,o” kanpaina aurrera eramateko.
Kanpainak, “Sano Bidaiak” izena jaso duen autobus enpresa baten publizitate hedapena simulatzen du. Enpresak ibilbide osasungarriak sustatzen ditu, ongizatearekin eta jaiaren gozamen osasungarriarekin erlazionatutako mezuak eta jarraibideak emanez, hainbat euskarri erabiliz, autobusetan burua jartzeko lekuak, bidaietarako poltsak, txapak edo postalak, besteak beste. Mezuak adingabeei daude zuzenduta batez ere, jai osasungarria alkoholik ez edatearekin lotuta baitago, eta pertsona guztien erantzukizunerako deia egiten dute, jaietako portaera osasungarrien protagonistak baitira.
Jai guneetan alkohola kontsumitzea oso hedatuta dago jendearen artean, eta adingabeak oso kolektibo zaurgarria dira. Hori dela eta, euren joan-etorrietarako erabiltzen dituzten autobusak prebentzioa sustatzeko eta alkoholaren kontsumoak dituen ondorio negatiboen inguruan kontzientzia sortzeko bide egokia dira.
Ekimena igande honetan jarriko da martxan, Zarautzen egingo den Kilometroak ekitaldirako bidaian. Horrez gain, kanpaina, autobusak erabiliko diren eta kanpaina sustatu duten erakundeetatik bultzatzen den beste edozein ekitaldira ere zabaldu nahi da.
Kanpaina, Amurrioko eta Laudioko prebentzio udal taldeek antolatu eta finantzatu dute. Horrez gain, udal horietako euskara teknikariak eta Urduñako Udala eta Aiarako Koadrila ere inplikatu dira, Amurrioko eta Laudioko ikastolekin batera.