Perretxikoak biltzeko garai egokiena heldu den honetan, Amurrioko udalak, Toki Garapenerako Amurrio Bidean Elkartearen bitartez, Mikoturismo Egunak jarduera antolatu du beste urte batez. Urriaren 26an hasiko diren hiru asteburu. Perretxikoak izango dira protagonistak XIV. Pintxo Lehiaketan parte hartuko duten ostalaritzako 11 establezimenduetan. Horrez gain, perretxikoen sailkapenerako eta erakusketarako jardunaldiak egingo dira udal pilotalekuan.
Perretxikoen sailkapena eta erakusketa
XVI. Mikoturismo Egunak larunbatean, urriaren 26an, hasiko dira, perretxikoak sailkatzeko ohiko jardunaldiarekin, udal pilotalekuan, 18:00etatik aurrera. Alberto Villanueva mikologoa, Arriola Elkarte Mikologikoaren kolaboratzailea, perretxikoen sailkapena egiten arituko da bi orduz. Jarduera horretan edozein pertsonak hartu ahal izango du parte, ikusle gisa, zalantzak kontsultatuz, edo bildutako espezieak sailkatzeko eramanez. Horrez gain, perretxiko denboraldia heldu den honetan, Arriola Elkarte Mikologikoak arreta ematen die herritarrei astearte guztietan, abendura arte, Kultur Etxean, 18:30etik 19:30era.
Perretxiko erakusketa igandean, urriaren 27an, izango da, udal pilotalekuan, 11:00etatik 14:00etara.
Pintxo lehiaketa
XVI. Mikoturismo Egunak ekimenaren barruan, perretxikoekin egindako pintxoen XIV. Lehiaketa egingo da. Bertan ostalaritzako 11 establezimendu izango dira partaide: Alanbike, Atxubi, Batzokia, El Crucero, Kili Berria, Kuskumendi, El Rinconcito, Guk, Frontón taberna, Txibirita eta Txoko Gorri. Lehiaketak bi sari banatuko ditu, epaimahaiak aukeratutako pintxorik onena, 200 euro eta plaka bat jasoko dituena eta, herritarren bozketaren bitartez aukeratutako pintxorik onena, 150 euro eta plaka bat jasoko dituena.
Herritarren aukeraketan parte hartu ahal izateko 8 pintxo dastatu beharko dira gutxienez. Boto-paperak azaroaren 4ra, astelehenera, arte sartu ahal izango dira Kultur Etxean eta Udaletxean egongo diren hautestontzietan. Horrez gain, bozketan parte hartzen dutenen artean 275 euroko bi sari zozketatuko dira.
Gastronomia esparruan, pintxo dastaketez gain, Abiaga eta Bideko jatetxeek denboraldiko perretxikoekin egindako bi menu eskainiko dituzte.