Amurrioko Udalak eta Bizigay Elkarteak, datorren urriaren 29an, asteartean, abiatuko den zine zikloa antolatu dute, sexu aniztasunaren eta askatasunaren alorrean bizikidetza eta Giza Eskubideak lantzeko xedez. Ekimena, Eusko Jaurlaritzaren “Elkarrekin Bonoak” programaren barruan dago.
Zine-foruma, filma emateaz gain, aurretik sentsibilizazio hitzaldia izango duen formatuan etorriko da. Bertan, ikusi behar den filma aurkeztu eta ikuspegi sexologikotik testuinguruan jarriko da. Amaitzeko, solasaldia egingo da ikus-entzuleekin.
Programatutako saioak doakoak izango dira, eta Amurrio Antzokian emango dira, 18:00etan. 4 film aukeratu dira, hainbat gai lantzeko.
Lehenengo emanaldia urriaren 29an izango da, eta egun horretarako aukeratutako filma, gizarte borroken gaia landuko duen “No soy un hombre fácil” da. Bigarren saioa azaroaren 12an izango da, eta “Tomboy” filmaren bitartez transexualitatearen gaia landuko da.
“Las horas” izango da zikloak jasoko duen hirugarren filma, azaroaren 26an, VIHaren gaia lantzeko. Bukatzeko, abenduaren 4an, euskaraz egindako homosexualitateari buruzko “80 egunean” filmak emango dio amaiera zikloari.