Amurrioko Udalak kalera aterako du Give Box ekimena azaroaren 15ean, ostiralean, proiektua ikusgai jartzeko eta haren erabilera sustatzeko helburuarekin. Gaur egun, Amurriok 10 kaxoi ditu, eta "Give Box Egunean" herritar guztien eskura egongo dira, objektuak trukatzeko.
Euskadin aitzindaria den ekimena martxoan jarri zuen martxan Udalak eta oso erantzun ona izan du. Egunero hautematen dira objektuen mugimenduak. "Horrelako proiektuen bidez, ingurumena hobetzeko eta berrerabilera bultzatzeko egin dugun apustuarekin jarraitzen dugu, eta baita herritarren, ikastetxeen eta elkarteen inplikazioa bilatzeko apustuarekin ere", azaldu du Josune Irabien Amurrioko alkateak.
Proiektua abian jarri zenetik, hilabete hauetan, beste 9 Give Box gehitu dira gure udalerrira, hauek, hain zuzen ere: ikastetxeak, eskaut taldea, San Jose auzoko eliza, Nagusien Etxea eta Kultur Etxea. Guztiek ere euren Give Box saioak beraien zentroetatik edo lokaletatik kanpo aterako dituzte ostiralean.
Give Box-aren funtzionamendua
Give Box izenekoak erabiltzea oso erraza da. Espazio horretan, jendeak bitarteko ekonomikorik gabe partekatu nahi dituen bigarren eskuko objektuak gorde eta jaso ditzake, eta, horrela, bigarren bizitza eman ahal zaie egoera onean egon arren jada
erabilgarri ez zaizkigun gauzei.
Kaxoien funtzionamendu egokirako, oinarrizko erabilera arau batzuk ezarri dira. Arauetan ezartzen denez, utzitako objektuek egoera onean egon behar dute, eta ezingo dira produktu galkorrak izan. Gainera, ez dira objektu handiegiak onartzen, horrelako objektuetarako Give Box-ek kortxo bat dute, bertan argazkia eta harremanetan jartzeko modua eskegiteko.