Amurrioko Udalak Adinekoen Kontseilu Sektoriala sortzea onetsi du

Erabiltzailearen aurpegia Amurrioko Udala 2019ko aza. 29a, 19:34
Adinekoen premiei erantzutea izango da kontseiluaren helburua. / Aiaraldea.eus

Herritarren partaidetzarako organo aholku-emailea da, kolektibo horrek planteatzen dituen behar berrien aurrean trukea, bateratzea eta soluzioak aurkitzea sustatzeko. Abenduaren 17an, lehenengo batzar nagusia egingo da Nagusi Etxean, 18:00etan, haren sorrera eta funtzionamendua ezagutarazteko.

Amurrioko Udaleko osoko bilkurak Adinekoen Kontseilu Sektoriala sortzea eta hori arautuko duen araudia onartu zituen ostegunean egindako bilkuran. Lehen pausoa datorren abenduaren 17an emango dute, Nagusi Etxean batzar orokorra eginez, kontseilua ezagutarazteko.

Organo horren jatorria, 2016an Amurrioko Udalak Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte politiketako Sailak bultzatutako "Euskadi Lagunkoia" proiektuarekin bat egin zuenean sortu zen. Udalak adinekoekin erlazionatuta indarrean zituen politikak aldatzera eraman zuen lehenengo pauso horren ondoren, adinekoentzako arlo tekniko espezifiko bat sortu eta gogoeta-prozesua hasi zen. Horren bitartez adinekoen bizitza hobetzeko ekimenak bideratzen dira.

Adinekoen Kontseilu Sektoriala
Adinekoen Kontseilu Sektoriala herritarren partaidetzarako organo aholku-emailea izateko asmoarekin sortu zen, kolektibo horrek planteatzen dituen premia berrien aurrean trukea, bateratzea eta soluzioak aurkitzea sustatzeko. Kontseilua sortzeko prozesua duela urtebete baino gehiago hasi zen, parte hartzeko dei irekia egin ondoren. 15 laguneko talde bat buru-belarri aritu da lanean, kontseiluaren funtzionamendua arautuko duen araudia antolatzen eta idazten.

Organo berri horren helburuen artean, ezagutza eta zahartze osasuntsua sustatzea, adinekoak ahalduntzea, udal organoen erabakietan eragina izatea eta adinekoen arteko desberdintasunak murriztea daude, besteak beste.

Lehenengo batzar nagusia
Abenduaren 17an, lehenengo batzar nagusia egingo da Nagusi Etxean, 18:00etan, haren sorrera eta funtzionamendua ezagutarazteko. Batzarrean edonork hartu dezake parte; parte hartzeko, nahikoa da zehaztutako lau lan-taldeetako batean sartzea.

Definitutako lau lan taldeek gai hauek landuko dituzte: bat prestakuntzarekin eta kulturarekin erlazionatutako jardueren programazioan arituko da. Bigarren taldeak Nagusiko ekipamenduaren barne antolakuntzaren inguruko arazoak landuko ditu. Hirugarren taldea ariketa fisikoaren eta zahartze osasungarriaren garapenean zentratuko da. Azkenik, laugarren taldeak gizarte arloko proiekzio handiagoa izango du, eta arretekin eta zainketekin egongo da erlazionatuta.

 “2016an pauso txiki bat eman genuen Adinekoen Kontseilu Sektoriala sortzeko, eta atzoko osoko bilkuran onartu zena beste pauso txiki bat izan zen. Kolektibo horren aldeko apustu sendoa egiten dugu, eta kontseiluak, organo aholku-emailea den aldetik, aurrerapauso handia dakar adineko pertsonen partaidetzan. Esperientziadun oso kapital handia berreskuratzea eta gizartearen esku jartzea da, partaidetzaren bitartez. Hori guztia, bizi-kalitatea sustatzeko eta norberaren ongizatea hobetzeko", esan du Josune Irabien Amurrioko alkateak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide