Amurrion, 2019ko abenduaren 20an. Amurrio Antzokiak beste urte batez ekingo dio Amurrioko bizilagunei zuzendutako fidelizazio-kanpainari, udalerrian arte eszenikoak zabaltzeko helburuarekin. Horretarako, Zinebonoak 2020 izeneko zinerako bonuak eta Amurrio Antzokiko bazkideentzako karneta jarri dituzte salgai.
2020ko zine sarrerek aurtengo prezio bera izango dute, haurrentzako saioek eta ikuslearen egunekoek 3,75 eurokoa, eta helduen saioek 5 eurokoa. Bestalde, haurrei zuzendutako zine emanaldiak igandeetan izango dira, 17:30ean, eta helduei zuzendutakoak 19:30ean, eta ikuslearen eguna astelehenetan, 20:00etan, izango da.
Zine zaleek Zinebono 2020 izenekoa eskuratu ahal izango dute. Horrekin, Zinebonoaren titularrak 2019ko abendutik 2021eko urtarrilera bitartean programatuko diren zine saioen artetik lautan dohainik sartu ahal izango dira. Bonuak moztu daitezkeen lau zati ditu, antzokiko atean aurkeztu beharko da, eta txarteldegitik igaro behar gabe sartzeko aukera emango du. Zinebono 2020ak ere iazko 12,55 euroko prezioarekin jarraituko du, eta Kultur Etxean eta Amurrio Antzokiko txarteldegian eskuratu ahal izango da.
Amurrio Antzokiaren beste apustu bat fidelizazioa da, bazkideen bitartez. Bazkideei zenbait abantaila ematen dizkie, zuzeneko ikuskizunetara ohikotasunez joan daitezen. Datorren urtean, Antzokiko bazkideek %15etik %35era bitarteko beherapena izango dute zuzeneko ikuskizunetarako sarrerak erosteko orduan.
Antzokiko bazkide karnetak beherapenak emango ditu zuzeneko ikuskizunen sarreretan, eta baita lehentasuna ere horiek eskuratzeko orduan, beste abantaila askoren artean.
Zuzeneko ikuskizunetarako sarreretan izango dituzten beherapenez gain, bazkideek lehentasuna izango dute horiek erosteko orduan, soilik bazkideentzako sarrerak saltzeko egunak ezarriko baitira. Horrez gain, Zinebono bat emango zaie, eta Amurrio Antzokiaren informazioa jasoko dute email bitartez. Bazkide karnetaren prezioa 2020an 21 eurokoa izango da, iaz bezala.