Amurrioko Udalak, une honetan pitzadura txiki bat duen Zabaleko ikastetxeko tximiniaren hodia konponduko du datorren astearen erdialdean, eguraldiak horretarako aukera ematen duenean. Hodia ordezkatzeak 6.500 euroko inbertsioa eskatuko du.
Kata egin ondoren, hodia konpontzeko jarraitu beharreko prozedura ebaluatu ahal izan da. Datorren astean, hodi berri bat jarriko dute tximiniak une honetan duen konduktua aprobetxatuz, eta horrela konponduta geratuko da arraildura txiki horrek eragin duen arazoa. Konponketa lanak aurrera eraman ahal izateko beharrezkoa da eguraldia aldekoa izatea, langileek eraikinaren teilatura igo beharko baitute.
Tximiniaren instalazioan pitzadura antzemateko probak egin ondoren, ikasgela batean zegoen usainaren jatorria tximiniaren hodian izandako akats batetik zetorrela egiaztatu da, eta, beraz, ez dago arazorik ikastetxeko galdaran. Gainera, joan den asteartean, kata egin ondoren, tximiniaren hodiaren hormen parte bat apar bereziarekin zigilatu zen, konponketa egin arte usainak behin-behinean murrizteko.
“Konponketa lanak ahalik eta azkarren egiten ari gara, asteartean kata egin ondoren konponbidea zein den jakin dugunetik. Udalak egoera horren berri izan duen unetik, ahalik eta azkarren jardun du, konponbidea bilatzen saiatuz.
Suhiltzaileek uneoro izan dute egoeraren berri, eta birritan, joan den ostiralean eta astelehen honetan, eskolara joan dira neurketak egitera. Neurketa horiek ezarritakoaren barruan dauden parametroak eman zituzten, eta jarduerarekin jarraitu ahal izan zen. Egun hauetan, Amurrioko Udaleko eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko teknikariak eta ikastetxeko langileak koordinatuta egon gara uneoro, eta ikastetxeko ikasleen gurasoei egoeraren berri eman diegu unean-unean”, azaldu du Josune Irabien Amurrioko alkateak.