Amurrio Txirrindulari Taldeak 2020ko Urrezko Guk Saria jasoko du martxoaren 14an, larunbatean, Amurrio Antzokian egingo den ekitaldian. Kirol taldeak bere 50. urteurrenarekin bat eginez jaso du aintzatespena, urte hauetan zehar herriko gazteen artean kirol hori bultzatzeko orduan taldeko kideek, Txirrindularitza Eskolaren bitartez eta herrian hainbat kirol proba antolatuz duten eta izan duten inplikazioarengatik.
Amurrio Txirrindulari Taldeak 35 txirrindularik osatutako txirrindularitza eskola du, bere lau kategorietan, aurrebenjaminetan, benjaminetan, alebinetan eta infantiletan, eta baita duela gutxi sortutako junior mailako talde bat ere, 5 kiderekin. Gainera, urtean zehar kirol proba hauek antolatzeaz arduratzen da: Aiarako Bira, Amurrioko Sari Nagusia, San Jose Saria, lineako txirrindularitza eskolak, Aiara zirkuitoa, ibilaldia alforjekin eta BTT txirrindularitza eskolak.
2020ko Urrezko Guk saria jasotzeaz gain, Amurrio Txirrindulari Taldeak hainbat jarduera antolatuko ditu urtean zehar urteurren berezia ospatzeko. Apirilean 50. urteurrenari buruzko bideo bat aurkeztuko da, eta antzinako eta egungo bizikleten erakusketa inauguratuko da La Casonan. Udazkenean, denboraldia amaitzean, taldearekin erlazioa izan duten guztiei zuzendutako bazkari herrikoia egingo da. Horrez gain, taldearen ibilbideari buruzko oroitzapenezko liburu bat ere aurkeztuko da, eta ospakizun ekitaldiak amaitzeko, txirrindulari profesionalek osatutako mahai-ingurua egingo da.