Amurrioko Udalak terrazen tasa kendu du 2020rako

Erabiltzailearen aurpegia Amurrioko Udala 2020ko mai. 30a, 08:00

Amurrioko terraza baten irudia. / Aiaraldea.eus

Osoko bilkuran terrazen okupazio publikoa arautzen duen ordenantzaren indarraldia aldi baterako etetea ere erabaki da. Neurriak ostalaritzari laguntzeko hartu dira; izan ere, Covid-19aren ondorioz kalte handiak jaso dituen sektoreetako bat da.

Amurrioko Udalak, atzo egindako osoko bilkuran, Covid-19aren ondorioz kalteak jasan dituen ostalaritzari laguntzeko neurri gisa, terrazak erabiltzeagatik 2020ko tasa etetea onartu du. Neurri horrekin batera, terrazen okupazio publikoa arautzen duen ordenantzaren indarraldia etetea ere onartu da, eta horrek terrazak handitzeko aukera emango du.

Terrazen tasaren ordainketaren etetea 2020 osoan aplikatuko da, eta horretarako 11 zenbakiko Udal Ordenantza Fiskalaren 6. eranskina aldatu behar izan da. Neurri horren ondorioz, Udalak ez ditu jasoko tasen 18.000 euroak, eta baliabide horiek udalerriko establezimenduen esku utziko ditu.

Terrazak handitzea
Sektoreari laguntzeko hartutako beste neurri bat terrazen instalazioa arautzen duen ordenantza etetea da. Ostalaritzako lokalek udaletxean egin ahal izango dute terrazak handitzeko eskaera. Gainera, gaur egun terraza jartzeko lizentziarik ez duten lokalek ere eskatu ahal izango dute. Ezohiko eta aldi baterako neurri horrek, aplikatu daitekeen kasu guztietan, jasandako eragin ekonomikoak arintzen lagunduko die sektoreko profesionalei.

Establezimenduek gaurtik aurrera egin ahal izango dute eskaera Udaletxean, eta eskaera horiek banan-banan aztertuko dira, bakoitzari okupazio-lizentzia jakin bat emateko, osasun-irizpideak kontuan hartuta, irisgarritasuna eta distantzia soziala, besteak beste. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide