Amurrioko argiteria berritzeko lanak abian daude berriro

Erabiltzailearen aurpegia Amurrioko Udala 2020ko eka. 10a, 11:02

Argiteria berrituko dute Amurrion; San Jose auzoan, besteak beste.

Argiak berritzeak 832.676 euroko inbertsioa eskatuko du, eta sei hilabeteko epea beharko da lanak egiteko. Argi berriak, egungo argi horiaren ordez led argi zuriagoak izango dira. Udalerriko argitasuna hobetuko dute eta aldi berean, energia aurreztuko da.

Udalerriko argiak berritzeko lanak martxan daude berriz ere Amurrion. Martxoaren amaieran hastekoak ziren, baina Covid-19ak sortutako alarma egoeraren ondorioz, geldiarazi behar izan ziren.

Datozen hilabeteetan Amurrioko argien %80 inguru berrituko dira, eta guztira 832.676 euroko inbertsioa egingo da. Guztira, led teknologia duten 1.898 argi berri jarriko dira, eta horrela kontsumo txikiagoa eta argiztapen hobea lortuko ditugu.

Gainera, argi berriek egungoek baino gehiago iraungo dute, 10 urte inguruko bizitza erabilgarria dutelako. Beraz, argiak eraginkorragoak dira eta mantentze-lanetan ere aurreztu egingo da.

Egungo argi horiaren ordez led argi zuriagoa ekarriko duten luminariak pixkanaka ordezkatuko dira. Bost gunetan hasi dira argiak berritzen: San Jose, Alkinar, Landaburu, Gernikako Arbola eta Goikolarra.

Luminariak eremu bakoitzeko egungo argi motaren arabera aldatuko dira. Lau argi estilo desberdin daude: bideetakoak, bi motatakoak, argiztatu beharreko bidearen beharren arabera; giroa sortzekoak, espaloietan, oinezkoentzako guneetan, parkeetan eta lorategietan; proiektoreak, biribilguneetan eta argiztapen puntualetan; eta, azkenik, hiri-inguruneetan integratzen diren hiribildu motako argiak.

Argiteria berritzea Europar Batasunarekin batera finantzatutako jarduketa da, hazkunde jasangarriko Europako Eskualde Garapenerako 2014-2020 Funtsa (FEDER) izeneko programa operatiboaren barruan karbono gutxiko ekonomia lortzen laguntzen duten toki-erakundeen proiektu berezietarako diru-laguntzen programaren kargura.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide