Amurrioko futbol taldeek, udalerrian futbola sustatzeko ildo estrategikoak ezartzeko lankidetzarako akordioa sinatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Amurrioko Udala 2020ko uzt. 9a, 11:00
Amurrioko futbol zalaiaren sarrerako irudi bat. / Aiaraldea.eus

Amurrio Futbol Taldeak, Kaskagorri Amurrio Futbol Taldeak eta Etorkizuna Aialako Futbol Taldeak Amurrioko futbolean elkarrekin lan egiteko konpromisoa erakutsi dute. Amurrio Taldeari etxeko jokalariz hornitzeko eta amurrioar gazteak kirola udalerrian egiteko aukera emango duen bi norabideko proiektua ezartzeko kirol egitura sortuko da. Lotura sendoa eta Amurrion futbol sentimendua sortzeko egingo da lan; eta emakumezkoen taldeen lerroa sortzea ere bultzatuko da.

Amurrio Futbol Taldeak, Kaskagorri Amurrio Futbol Taldeak eta Etorkizuna Aialako Futbol Taldeak, Amurrioko Udalarekin batera, lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur goizean, udalerrian futbolean aritzeko egitura garatzeko helburuarekin. Gaur sinatutako akordioak jarraipena ematen dio duela urtebete hiru taldeen artean hartutako konpromisoari. Konpromiso horretan, Amurrioko egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat ilusioz betetako ikuspegia eta horizonte komuna definitzeko konpromisoa hartu zuten.

Hitzarmenak hiru urteko indarraldia du, eta, besteak beste, helburu hauek ditu: parte-hartzaileei egitura bat ematea futbolaren jardunbidea antolatuz eta sustatuz, eta epe ertain eta luzerako noranzko biko kirol-proiektua ezartzea, Amurrio Taldea etxeko jokalariz hornitzeko eta amurrioar gazteak taldearen bitartez kirolean aritu ahal izan daitezen.

Gizarte arloko funtzioari emango zaio lehentasuna; horretarako, planifikatutako kalitatezko lana proiektatuko da, eta horren bitartez, etapa desberdinetako futbol-mailetan orientatu ahal izateko eta euren prestakuntza-prozesuetara egokitzeko irakaskuntza emango zaie haurrei.

Horrez gain, akordioak, harrobi osoaren funtzionamenduaz arduratuko den prestakuntzarako futbolaren kirol koordinatzailearen figura sortzea ere jasotzen du. Hiru erakundeek, teknikarientzat, kirolarientzat eta entrenatzaileentzat urteroko prestakuntza plana egiteko konpromisoa ere hartu dute, atzemandako beharrei erantzunez. 

Amurrio Taldearen aurreko sentimendua

Beste puntu garrantzitsuetako bat oinarrizko futboleko taldeetan eta Amurrio Taldean parte hartzen duten neska-mutilen arteko lotura sendoa sortzea da, Amurrion futbol sentimendua sortuz. Horretarako, pixkanaka, Kaskagorri eta Etorkizuna taldeetako ordezko ekipazioa Amurrio Taldekoa izango da. Gainera, neska-mutilak Amurrio Clubeko bazkideak izango dira doan, Basarten jokatuko diren Amurrioko 1. taldeko partidetan harrobiko jokalariak baloi-biltzaile gisa aritu ahal izango dira, eta eguraldi onak horretarako aukera ematen duenean, atsedenaldian partidatxoak antolatuko dira.

Emakumezkoen futbola bultzatzea da akordioaren beste oinarrietako bat. Bertan, Etorkizuna taldeak modu aktiboan egingo du lan Amurrion emakumezkoen talde lerro bat martxan jartzeko, gaur egun Etorkizuna taldeko futbol-eskola osatzen duten neskatoek eta interesa izan dezaketen beste batzuek goi-mailako kategorietan kirola egiten jarraitzeko aukera bermatuta izan dezaten.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide