Amurrioko Udalak, Berdintasun Sailetik, indarkeria matxistaren prebentziorako kanpaina jarriko du martxan uztailean, Indarkeria Matxista Prebenitzeko uda guztietan herriko jaietan egiten den hedapen lanean sakontzen jarraitzeko. Helburu nagusia gazteen artean eta, oro har, herritarren artean emakumeen eta gizonen arteko eguneroko harremanetan indarkeria matxista desagerrarazteko konpromisoa indartzea da.
Uztailaren 17an, 24an eta 31n stand bat jarriko da baserritarren merkatuaren inguruan, Indarkeria Matxista Prebenitzeko kanpainaren barruan. Kanpainan gaian adituak diren 3 emakumek hartuko dute parte, eta haiek banatuko dituzte indarkeria matxistaren prebentzioari buruz egindako gidak. Horrez gain, gerturatzen diren herritarren zalantzak eta galderak ere erantzungo dituzte, eta kartelak jarriko dituzte udalerriko hainbat tokitan.
Amurrioko Udalak indarkeria matxista jasaten duten pertsonei laguntzeko hainbat zerbitzu dituela gogorarazi du. Laguntza behar duten pertsona guztiak Udaleko Berdintasun Sailarekin jar daitezke harremanetan berdintasuna@amurrio.eus helbidean edo 945891161 telefonora deituta, eta baita egunean 24 orduz martxan dauden Amurrioko Udaltzaingoaren 945038260 telefono zenbakiera deituta ere. Gainera Udaleko Gizarte Zerbitzuekin edo laguntza psikologiko edo juridikoarekin hitzordua ere eska daiteke.
Udaleko baliabideekin batera, 112 zerbitzua ere indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko beste bide bat da. Eguneko 24 orduetan eta asteko 7 egunetan dago erabilgarri.