Amurrioko emakumeen memoria modu kolektiboan berreskuratzeko tailerrak antolatu ditu udalak

Erabiltzailearen aurpegia Amurrioko Udala 2020ko ira. 9a, 06:00

Tailerra antolatu dute memoria kolektiboa berreskuratzeko. / Amurrioko Udala

Tailerrarekin erlazionatuta, “Hackeo a la historia del arte/Artearen historiari hackeoa” hitzaldia programatu da irailaren 17rako Kultur Etxean; pintura klasikotik garaikidera doan ibilbide historiografikoa egingo da, genioaren mitoa edo estereotipoaren eraikuntza aztertuz, besteak beste.

Amurrioko Udaleko Berdintasun sailetik, irailean zehar gauzatuko diren bi jarduera programatu dira, “Artearen historiari hackeoa” izeneko hitzaldia eta Amurrioko emakumeen memoria modu kolektiboan berreskuratzeko tailerra.

Kultur Etxeak Silvia Ayerraren “Artearen historiari hackeoa” hitzaldia jasoko du irailaren 17an. Solasaldiak ibilbide historiografikoa egingo du, pintura klasikotik hasi eta jardunbide garaikideetara, eta genioaren mitoa, estereotipoaren eraikuntza edo bortxaren kultura aztertuko dira. Hitzordua 18:00etan izango da, eta ez da beharrezkoa aldez aurretik izen-ematea.

Programatutako bigarren jarduera Irudiari buruzko laborategi-tailerra da, Amurrioko emakumeen memoria modu kolektiboan berreskuratzeko topaketa egiteko. Tailerra, argazkilaritza artistikoan eta arte plastikoetan goi mailako teknikari den Silvia Ayerraren eskutik egingo da. Laborategiaren helburua, parte-hartzaileekin batera Amurrioko emakumeen memoria lantzea da, eta haien bizitzak eta istorioak partekatzea, prozesua argazki-ekintza batean islatuz.

Tailerra bost jardunalditan egingo da Kultur Etxean, irailaren 21ean, 23an, 28an eta 30ean 18:00etatik 20:00etara eta urriaren 2an 17:30etik 20:00etara. Parte hartzeko beharrezkoa izango da irailaren 14tik aurrera izena ematea berdintasuna@amurrio.org helbidera idatzita.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide