Amurrioko Udalak antolatutako 2020ko Amurrioko Hiria XXXIV. Arte Sariketak baditu irabazleak. 102 izan dira lehiaketara aurkeztu diren eta epaimahaiak baloratu dituen lanak, eta horietatik 28k osatuko dute ostiraletik aurrera La Casonan ikusi ahal izango den erakusketa. Bihar egingo den sari banaketa ateak itxita izango da, Covid-19ak sortutako egoera dela eta.
Lehiaketako lehen saria “Lectura 5ª, análisis sobre estética” lanak jaso du. Egilea Jabier Herrero da, eta 4.000 euro eta oroitzapenezko eskultura bat jasoko ditu. Epaimahaiak argazkigintza digitaleko eta koadernoei buruzko collage lan horren alde egin du, “obra grafikoaren lengoaiatik bolumena aztertzeko erakutsi duen gaitasunarengatik, bere garapenean euskal arteari eta Oteizaren obrari lotuta dagoen eskulturaren oroitzapenean”.
Era berean, “argazkietako irudien gainean jarritako ehunduren eta forma lauen collagea erabili izana” nabarmendu du, “argazki-liburuari lotuta dagoen eta gaur egungo kultura bisualean eragin handia duen formatu serializatuan”.
“Conservas pre-apocalípticas. Destilado nº3 Psilocybe semilanceata” Miriam Isasiren burdina lakatuzko eta beira puztuko eskultura da. Bigarren saria jaso du eta 1.500 euro eta oroitzapenezko eskultura bat jasoko ditu. “Eskulturaren lengoaia garaikidea eta ezagutza zientifikoa, ikerketa edo laborategia uztartzen dituen proposamena da, eta horiekin batera, sinesmenetan, mitoetan eta esperientziaren eta ezagutzaren bidean aurkitzen diren belar, onddo eta destilatuen erabileran jatorria duen herri-ezagutza”, adierazi du epaimahaiak.
Azkenik, herri mailako saria, 1.000 eurokoa, Zigor Urrutiarentzat izan da, “Babel 01” lanarengatik. Aluminiozko dibond-aren gainean egindako 3D irudia. Epaimahaiak baloratu duenez, “irudiaren eta materialen tratamendua, paisaia, eta 3Dan egindako zutabe bertikal bat, gure errealitateaz eta aldatzeko gaitasunaz, mundu posibleen existentziaz ulertzen dugunari buruz, teknologiaren bitartez izendatu gabeko lekuetara, agian, ilusioa baino ez diren horietara heltzeari buruz, mintzatzen dira, hurbilketa distopiko batetik”.
Lehiaketara aurkeztutako 102 lanen balorazioak hauek osatutako epaimahaiaren esku egon dira: Enrique Martinez, Artium Museoko erakusketen kontserbatzailea; Erika Barahona, Guggenheim Museoko argazkilari eta argazkilaritza saileko zuzendaria; eta Natxo Rodriguez, EHUko Arte Ederren Fakultateko Arte eta Teknologia saileko irakaslea.