Gaurtik aurrera, ‘Amurrion bizi’ programaren barruan dauden kontziliaziorako eta etxeko langileentzako laguntzak eskatu ahal izango dira Amurrioko Udalean. Programa honek gure herrikideak zaintzeko eta udalerriko ekonomia suspertzeko neurriak biltzen ditu. Eskabideak urriaren 31ra arte aurkeztu daitezke HAZen.
Osoko bilkuran onartutako laguntza lerro honek osagarri ekonomikoa eskaini nahi du, Amurrioko familia askori, bai arlo pertsonalean, bai ekonomikoan, kalte egin dien Covid-19ak sortutako osasun-larrialdiaren ondoren. Horretarako, 50.000 euroko partida bat antolatu da, etxeko langileak kontratatuta laneko kontziliazioa bultzatzeko helburuarekin. Bigarren partida, 10.000 eurokoa da, eta bizi izandako egoeraren ondorioz lanaldia murriztu zaien edo, hala bada, lan-kontratua amaitu zaien etxeko langileentzat zuzenduta dago.
Covid-19ak sortutako osasun larrialdi egoerak bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa uztartzeko zailtasunak sortu ditu. Hori dela eta, Amurrioko Udalak laguntza ekonomikoak prestatu ditu 12 urtetik beherako adingabeak edo mendekotasuna duten pertsonak euren kargura dituztenei etxeko langileak kontratatuz lana eta familia bateragarri egiten laguntzeko. Halaber, 75 urtetik gorako pertsonek ere eskatu ahal izango dute, mendekotasuna izan edo ez, arreta-orduak gutxitu bazaizkie, eguneko zentroa itxita dagoelako edo etxez etxeko laguntza murriztu egin delako.
Zuzeneko laguntza hori jaso ahal izango duten pertsonek baldintza hauek bete beharko dituzte: etxeko lanetan aritzen diren langabeei lan-kontratua egitea, horiek alarma-egoera dekretatu zen egunetik Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorreko Etxeko Langileen Sistema Berezian alta emanda badaude; udalerrian erroldatuta egotea, gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin; 12 urtetik beherako adingabeak edo mendeko pertsonak, edo 75 urtetik gorakoak, mendekoak edo ez, euren kargura izatea.
Kontziliazioa bultzatzeko partida ekonomikoa 50.000 eurokoa da. Laguntza eskatzen duten pertsonentzako diru-laguntza familia-unitate bakoitzaren urteko diru-sarreren arabera kalkulatuko da.
Horretarako, hiru tarte ezarri dira. Diru-sarrerak 40.000 euro artekoak badira, justifikatutako gastuen %50eko laguntza jasoko da, 3.000 euroko gehieneko mugarekin. 40.000 eta 60.000 eurokoak badira, %30eko diru-laguntza emango da, 2.000 euroko mugarekin. Azkenik, familia-unitatearen batura 60.000 eurotik gorakoa denean, %20koa izango da, eta muga 1.000 eurokoa.
Eskaera egin nahi dutenek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte HAZen: zinpeko aitorpena jasotzen duen eskabide-orria, NANaren fotokopia, etxeko langilearen lan-kontratuaren kopia, hirugarrenei dagokien alta-agiria eta Gizarte Segurantzari eta Foru Ogasunari egin beharreko ordainketak egunean daudela egiaztatzen duten ziurtagiriak.
Etxeko langileentzako laguntzak
Osasun krisiaren ondoren etxe askotan sortutako egoeraren ondorioz ezarritako laguntza lerro hau, etxeko langile gisa lan egiten duten eta lana galdu duten edo lanorduak murriztu zaizkien pertsonei dago zuzenduta. Eskatzaileek Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorreko Etxeko Langileen Sistema Berezian alta emanda egon beharko dute 2020ko martxoaren 14an, Amurrion erroldatuta gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin eta administrazioen betebeharretan egunean.
Enplegu-emaile bakarra izanda lana galdu duten pertsonek 400 euroko laguntza jasoko dute. Lanorduak murriztu zaizkien edo enplegu-emaile baten enplegua galdu duten baina beste enplegu-emaileren batentzat lan egiten jarraitzen duten pertsonek 200 euroko laguntza jasoko dute.
Eskaera egin nahi dutenek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte HAZen: zinpeko aitorpena jasotzen duen eskabide-orria, NANaren fotokopia, enplegua galdu edo orduak murriztu izanaren egiaztagiria; hirugarrenei dagokien alta-agiria eta Gizarte Segurantzari eta Foru Ogasunari egin beharreko ordainketak egunean daudela egiaztatzen duten ziurtagiriak.