Amurriok erabilera anitzeko futbol zelai berria du jadanik 'El Refor' kirol-instalazioetan. Udalerriko kirol taldeek eta auzokideek aste honetan estreinatu dute Amurrioko Udalak Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin Obra eta Zerbitzuen Foru Planaren bitartez eraiki duen ekipamendu berria.
Lanetan belar artifizialeko zelai bat eraiki da, futbolean eta errugbian jarduteko indarrean dauden araudiek eskatzen dituzten gutxieneko neurriekin, eta beharrezko azpiegiturak (ureztatzea, drainatzea, argiztapen artifiziala, itxiturak eta kirol-ekipamenduak) ere baditu. Erabilera anitzeko zelaiak orain arte espazio horretan zeuden bi zelai mailakatuak ordezkatu ditu, 'El Refor'-en erabiltzaileek luzaroan itxaroten zuten lehen mailako instalazioa eskainiz.
Irma Basterra Lurralde Orekarako Diputatua Amurrion izan da, obraren amaieraren lekuko izateko. Bisita horretan Josune Irabien Amurrioko alkatea izan du berarekin, gidari gisa, eta dagoeneko kirol-ekipamendu berria edukitzearen garrantzia azaldu du.
Basterrak Udala zoriondu du proiektua gauzatu duelako, eta, esan duenez, "erabilera anitzeko instalazio berri hau, zalantzarik gabe, lurraldearen kohesioa sustatzeko eta kirolaren balio positiboak eskualde osoan zabaltzen jarraitzeko baliabide garrantzitsua" izango da.
Erabilera anitzeko zelai berria herritarrentzat zabalik egongo da, baina Amurrioko Udalak "auzotarrek arduraz erabil dezatela” eskatu du. “Baliabide garrantzitsua da kirol-jarduera sustatzeko, eta hori zaintzea erabiltzaileen ardura da". Bestalde, Amurrioko Udala errugbi partida bat antolatzen ari da datozen hilabeteetarako, zelaiaren inaugurazio ofiziala egiteko.
Futbol zelai berria eraikitzeko, 900.000 euro inguruko inbertsioa egin da, eta Arabako Foru Aldundiaren laguntza jaso du, Obra eta Zerbitzuen Foru Planaren bitartez.