Amurrioko Udaleko Berdintasun Sailak azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunean, egingo diren ekintzez osatutako programa antolatu du. Programazioa datorren ostiralean, azaroaren 13an, hasiko da eta kontsumoaren eta indarkeriaren inguruko dokumentala eta eztabaida-saioa, Irantzu Varelaren bakarrizketa eta Juan Urrutia plazan egingo den ohiko elkarretaratzea jasoko ditu. Aurten, elkarretaratzearen aurretik clown emanaldi bat egongo da.
Joan den hileko osoko bilkuran onartutako adierazpen instituzionalean jasotzen denez, Amurrioko Udaletik “gure erantzukizuna gure gain hartzen dugu, erakunde, kolektibo feminista eta emakume-talde, aditu eta gizarteko eragile guztiekin lankidetzan eta koordinatuta. Horregatik, gazteen artean emakumeen ahalduntzea eta indarkeriaren prebentzioa bultzatzeko programak bultzatzeko konpromisoa hartzen dugu, etorkizuneko indarkeriazko egoerak eragozteko funtsezko tresna gisa”, adierazi du Ixone Saratxaga Amurrioko Udaleko Berdintasun zinegotziak.
Azaroaren 25eko programazioa
Azaroak 13: “Fabricando mujeres” dokumentala 18:30ean Amurrio Antzokian. Sarrera doakoa da, baina beharrezkoa izango da izena ematea berdintasuna@amurrio.org helbidean.
Dokumentalaren helburua, kontsumoaren bitartez indarkeria matxisten eta kapitalismoaren arteko lotura agerian uztea da, eta baita eremu horretan sortzen ari diren alternatibak eta gainerakoak erakustea ere.
Azaroak 18: “Kontsumoa eta indarkeria matxistak” online tailerra. 18:00-19:30. Izena eman beharko da berdintasuna@amurrio.org helbidean.
Kontsumoaren arloan jasan ditugun indarkeria matxistak identifikatuko dira, eta, ondoren, indarrean jar ditzakegun estrategiak eta alternatibak ikusaraziko dira. Zoom bidezko eztabaida-saioa egingo da Kolonbiako “Mujeres que crean” kolektiboarekin.
Azaroak 25: Elkarretaratzea Juan Urrutia plazan 19:00etan. Aurretik, 18:30ean, Oihulari Klown konpainiak indarkeria matxistari buruz umorez hitz egiten duen emanaldia eskainiko du.
Azaroak 26: Irantzu Varelaren “No hay matriarcado en el supermercado” bakarrizketa. 19:00etan Amurrio Antzokian. Sarrera doakoa da, baina beharrezkoa izango da izena ematea berdintasuna@amurrio.org helbidean.
Umorezko bakarrizketak oso serio jorratuko ditu sistemak bultzatuta ditugun kontsumo moduak.