Amurrioko udal pilotalekuak 75. urteurrena bete du, eta hori ospatzeko, Aztarna Elkarteak utzitako pilotalekuaren antzinako irudi bat jasotzen duen horma-irudia margotu da kirol instalazioaren sarreran. Pintura, Lucía González-Pinta Wallart enpresako artistaren lana da.
Amurrioko udal pilotalekuaren inaugurazioa 1945eko abuztuaren 12an izan zen, dantza erakustaldiarekin eta herriko pilotarien arteko pilota partiduekin. Bere historian zehar, pilotalekua partidu garrantzitsuen agertoki izan da eta baita udalerrian pilotarekiko zaletasun handia sortzeko eta pilotariak prestatzeko funtsezko elementua ere. Urte askotan zehar, pilotalekua, herriko kultur eta jolas gune garrantzitsua ere izan zen, zine, antzerki edo Gabonetako HGP-PIN saioak hartuz, besteak beste.
Kirol instalazioak 400 pertsonentzako lekua du eta izen bereko kalean dago, Pilotaleku kalean, Udaletxearen atzean. Pelotazale taldea 90 kidek osatzen dute, eta instalazio horretan egiten dute euren kirol jarduera. Bertan, eskolako kide diren sei urteko umeetatik hasi eta pilotari federatuetara entrenatzen dute.