2021eko Martxoaren 8a dela eta adierazpena

Erabiltzailearen aurpegia Amurrioko Udala 2021ko mar. 8a, 06:30

Zaintza berdintasunean. Emakumeen egitekoa Pandemian eta zaintzaren Krisi Globalean.

Dimentsio askoko krisi sistemikoan gaude, zeina gurutzatu eta erlazionatu egiten baita aurretik zeuden beste krisi batzuekin; esaterako, ekologikoa eta zaintza arlokoa. Pandemiak agerian utzi ditu mugimendu feminista eta emakumeen kolektiboak egiten ari ziren zenbait aldarrikapen: giza bizitza zaurgarria da, eta giza ingurunearen, ingurumenaren eta ingurune komunitarioaren zeharo mendekoa.

Ezerk ez du garrantzi handiagoa izan behar bizitza zaintzeak baino, pandemia dela eta muturreraino prekario bihurtu eta ahuldu den bizitza. Bizitza baldintza duin eta justuetan mantentzeko apustu erradikal bat egiteko momentua da; horrek eskatzen du erakundeok bultzatutako politika guztiek ikuspuntu feminista barne hartzea.

Gaur, martxoak 8, Emakumeen nazioarteko egunean, pandemiak eta haren kudeaketak baldintzatutako urte honetan, aintzat hartu beharra dago emakumeek pandemia eta beraren ondorioak borrokatzeko mundu osoan egindako ekarpena. Zaintzaren ardura emakumeei egokitu zaie, bai zerbitzu publikoetan (osasungintza, hezkuntza, gizarte zerbitzuak, merkataritza eta elikadura…) bai etxeen barruan, eta batez ere haiek eraman dute krisi sanitario eta sozial honetan funtsezkoak izan diren zerbitzu askoren zama. Emakumeen artean ere banaketa desorekatua da, klase sozialaren, arrazializazioaren eta migrazio estatusaren arabera.

Gainera, kasurik gehienetan egoera prekarioan egindako lanak dira. Orain, inoiz baino premiazkoagoa da genero perspektiba eta perspektiba intersekzionalak barne hartzen dituzten neurri feministak hartzea, krisi honek berdintasun eza areagotzea ekiditeko eta emakumeen eskubideen gauzatzean atzera ez egiteko.      

Berdintasunik gabeko banaketa horrek, gainkargaz gain, eta hark emakumeen osasunari eta bizi kalitateari dakarzkien ondorioez gain, zaintza sistemaren prekaritatea ere azaleratu du, eta lehendik ere bazeuden desberdintasunak areagotu ditu. Gure gizarte ereduak familiaren, eta, neurriz kanpoko proportzioan, emakumeen esku uzten ditu zaintza gehienak, bai ordainpekoak bai ordaingabeak; oso gutxi ematen dira eremu publikoan. Premiazkoa da esparru publikoak krisi sistemiko honen neurriko erabateko erantzunak ematea, eta erantzun horiek kontuan izan beharko dituzte arlo eta maila guztiak, globaletik tokian tokikora, eta alderantziz.

Bestalde, egoera eta estatus okerreneko emakumeek (guraso bakarreko familien buruak, behartsuenak, kolektibo zaurgarrietakoak, indarkeria matxistaren biktimak...) neurri handiagoan jasaten dituzte zaintza zamaren ondorio negatiboak.       

Ondorioz, gizarteak bere aitorpena adierazteko moduak konpromiso irmoa izan behar du, berdintasunik gabeko banaketa bidegabe horri euskarria ematen dioten genero arrakalak borrokatzeko konpromisoa. Desberdintasun horiek agerikoak dira emakumeek funtsezko zerbitzuetan egiten duten lanaren baldintzen prekaritateari begiratuz gero. Bada garaia zaintza lan guztiei dagokien balioa emateko, eta aurrera egiteko erantzunkidetasun handiagoko eredu baterantz, pertsona guztientzat ekitate eta ongizate handiagoa sortzeko.      

Udal honek politika publiko komunitario feministekin duen konpromisoa berresteko balio behar du egun honek, krisiaren ondoriozko larrialdiei erantzuteko eta erdigunean bizitza jarriko duen gizarte eredu baterantz joateko.  

Horregatik guztiagatik, Amurrioko Udalak, bere eskumenen esparruaren barruan, honako konpromisoak hartzen ditu:  
1. Zaintzen gizarte antolakuntzako ereduaren inguruko eztabaidarako esparruak bultzatzea, antolatzea eta irekitzea, bizitza erdigunean jartzea eta zaintzaren gizarte-erantzunkidetasun komunitarioa oinarri duen ikuspuntu feministatik. 
2. Analisia egitea, genero ikuspuntutik, kolektibo zaurgarrienen egoerari eta beharrizanei buruz, baita COVID-19aren ondorioei buruz ere, eta horiei aurre egiteko premiazko neurriak martxan jartzea.   
3. COVIDaren krisiaren eragina arintzeko onartzen diren neurri guztietan genero ikuspuntua gehitzen dela bermatzea, laguntzez eta babes programez den bezainbatean. 

4. Heldu berri diren pertsonentzako harrera ekintza publiko komunitarioak bultzatzea eta babestea, tokiko gizartearen partaidetzarekin, eta, hori egiteko, arreta berezia eskaintzea kolektibo zaurgarrienei, genero ikuspuntua aplikatuta. 

5. Konponbide bideragarriak aztertzea eta ezartzea adingabekoen eta mendekotasuna dutenen zaintzari laguntzeko tokiko zerbitzuentzat, zaintza baldintza duin eta bidezkoetan egin dadin saiatuz edo/eta erraztuz, bai ematen duenarentzat bai jasotzen duenarentzat ere.

6. Udaleko berdintasun-planetan berariaz nabarmentzea emakumeen, nerabeen eta haurren norbanako eta taldeko ahalduntzea, eta zaintza-lanak eta gizonek horien inguruan duten erantzunkidetasuna aintzat hartzea. 

7. Tokiko berdintasun politiken garapenerako langileak eta baliabide tekniko zein ekonomikoak indartu eta babestea, tokiko politika guztietan genero-berdintasun eta -zeharkakotasunerako tokiko politikak garatzeko. Bideak irekiko dira udalerriko emakumeek eta talde edo elkarte feministek parte har dezaten identifikatutako jardueren diseinuan, horien balorazioetan, etab., eta horien iritziak aintzat hartu beharko dira. 

8. Tokiko zaintza-sare komunitarioei babesa eta baliabideak ematea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide