Amurrioko Udalak aurrekontua aldatu du proiektu berriak bultzatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Amurrioko Udala 2021ko uzt. 30a, 11:00
Padel eta tenis pistak eraikiko dituzte Reforren. / Ruben Ladron de Gebara

Aurrekontu orokorra onartzeko osoko bilkuran erabaki zen bezala, aurrekontu-mahai bat sortu da gastu-partiden soberako zenbatekoekin egin beharreko inbertsio berriak erabakitzeko. Guztira, aurrekontu orokorraren doikuntza 440.150 eurokoa da. Atzo IV. Euskara Plana eta Amurrioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra onartu ziren, azken hori behin behinekoz.

Amurrioko Udaleko osoko bilkurak aurrekontu orokorraren 440.150 euroko doikuntza onartu zuen atzo, eta kopuru hori proiektu berriak bultzatzeko eta jada udal arloetan dauden partidak indartzeko erabiliko da. 

“Joan den martxoaren 11ko osoko bilkuran, 2021eko aurrekontu orokorra onartu zenean, aurrekontu-mahai bat sortzeko konpromisoa hartu genuen. Mahai horretan, udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak egon dira, eta, bertan, beharrezko ekintzak egin ondoren, hainbat arlotan soberakin gisa geratu den diruarekin zer egin aztertu da”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak. 

Guztira, 440.150 euro banatuko dira. Ingurumen arloaren kasuan, 104.150 euroko birdoikuntza egingo da arloko partiden barruan. Bestalde, 100.000 euroko kreditu transferentzia egingo da tenis eta padel pistetako lanak batera egiteko. Azkenik, aurrekontu-mahaian egindako ekarpenen ondoren, 236.000 euro hainbat inbertsiotara bideratuko dira, Udaltzaingorako ekipamendu informatikoa hobetzera, Amurrio Antzokirako makineria eta ekipamendu berriak erostera, autobus-geltoki bat sortzera eta eszenatoki bat eta aparkatzeko orube bat eskuratzera, besteak beste. Gainera, gazteen enplegua sustatzeko partida (20.000 euro), sustapen ekonomikoaren arlokoa (30.000 euro) eta herritarren parte-hartzearen arlokoa (18.000 euro) handitu egingo dira.

HAPOren behin-behineko onarpena

Atzoko osoko bilkurako beste erabakietako bat Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren behin-behineko onarpena izan zen. Udal-plangintzako arau subsidiarioak berrikusteko eta plangintzaren irizpideak eta helburuak onartzeko aurretiazko azterlanekin hasi ziren eta jadanik gauzatuta dauden faseen ondoren, Amurriok Planarekin aurrera egiteari ekin zion, eta herritarrek iradokizunak aurkez zitzaten epea ireki zuen. Prozesu hori amaitu ondoren, 2015ean hasierako onarpena eman zitzaion plan orokorrari, eta gero alegazioak aurkezteko epea ireki zen. Epe hori 2018ko osoko bilkuran ebatzi zen, zegozkion Azterlan Akustikoarekin, Ingurumen Ebaluazio Estrategikoaren dokumentuarekin eta Genero Eraginari buruzko Aurretiazko Txostenarekin batera.

HAPOa gauzatzeko faseetan, herritarrek parte hartzeko prozesu bat onartu zen, eta horretan Udal Plangintzako Aholku Batzordeak ere esku hartu du. Horri esker, gizarteak parte-hartze handia izan du hirigintza-plangintzan, herritarren partaidetzarako, ingurumenerako eta jarduera ekonomikoetarako foroen bitartez.

Atzo behin-behineko onarpena eman ondoren, dokumentua Eusko Jaurlaritzari bidali behar zaio, ingurumen-organoaren bitartez bi hilabeteko epean informazioa eman eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordeak hiru hilabeteko epean txostena egin dezan. Txosten horien ondoren, Amurrioko Udalak behin betiko onarpena eman ahal izango dio.

IV. Euskara Planaren onarpena

Amurrion euskararen erabilera eta ezagutza sustatzeko asmoz, atzo IV. Euskara Plana onartu zen. Dokumentu berri horrek Udaleko sail bakoitzaren diagnostikoa jasotzen du, eta, bertan, euskararen erabilera areagotzeko arlo bakoitzerako hainbat ekintza planteatuko dira.

Gainera, planak ekintza hauek biltzen ditu, besteak beste: Udal Musika Eskolan, Kiroldegian eta Amurrio Antzokian euskara planak gauzatzea; herritarrei eta udal langileei zuzendutako komunikazio elebiduneko ereduak sortzea; “Hauxe Da” aldizkariko hizkuntzaren erabilera aztertzea; Administrazio- edo udal-kontratuetan hizkuntza-klausulak txertatzea; antzokietako eta jaietako euskarazko eskaintza aztertzea eta areagotzea; elkarteen diru-laguntzetan euskara sustatzeko ekintzak sartzea; Mintzalagun udal-taldea sortzea, euskara, zerbitzu-hizkuntza izateaz gain, lan-hizkuntza bihurtzeko; udal-langileek euskara ezagutzea eta ulertzea erraztea, ikastaroen eta beste baliabide batzuen bidez; euskararekiko motibazio- eta kontzientziazio-saioak antolatzea kirol eta kultur hezitzaile eta entrenatzaileekin; euskarazko zerbitzuak indartzeko kontratuetan hizkuntza-klausulak txertatzea; edo administrazio elektronikoa sozializatzeko euskarazko multimedia-baliabideak sortzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide