Amurrioko Udalak ireki du euskara ikasteko bekak eskatzeko epea

Erabiltzailearen aurpegia Amurrioko Udala 2021ko ira. 29a, 15:53

Eskabideak Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan aurkeztu beharko dira urriaren 31 baino lehen.

Amurrioko Udalak euskara ikasten lagunduko du aurten ere, urriaren 1etik aurrera eskatu ahal izango diren bi beken bitartez. Udalak 25.050 euro zuzenduko ditu euskara ikasteko edo aisialdiko begirale edo zuzendari titulua euskaraz eskuratzeko. Eskaerak Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan aurkeztu beharko dira urriaren 31 baino lehen.

Deialdi honen helburua Amurrioko herritarren artean euskara sustatzea da. Hizkuntza ikasteagatiko bekaren kasuan, 2020-2021 ikasturtean, 23.000 euroko partida du, eta ordaindutako matrikularen % 75eraino lagunduko da diruz. Eskatzaileak 16 urtetik gorakoak izan beharko dira, eta Amurrion erroldatuta egon. Gainera, ikastarora gutxienez % 80ko asistentzia egiaztatu beharko dute, HABEk homologatutako zentro batek emandako ziurtagiri baten bidez.
 
Aisialdiko begirale edo zuzendari titulua euskaraz ikasteko bekaren kasuan, 2.050 euroko partida bideratuko da, eta matrikularen % 50 eta ordaindutako egonaldi-gastuak lagunduko dira diruz.
 
Eskatzaileek Amurrion erroldatuta egon behar dute, eta 2021eko urriaren 1a baino lehen ikastaroa amaituta eta titulua lortuta izan behar dute. Halaber, ikastaro osoa euskaraz egin beharko da, eta alderdi teorikoan gutxienez 150 ordu egin beharko dira. Laguntza eskatzeko, eskabidearekin batera, egindako ordainketaren egiaztagiria eta aisialdiko eskolak emandako bertaratze-ziurtagiria aurkeztu beharko dira.
 
Azkenik, udako euskal unibertsitateak antolatutako euskara ikastaroetara joateko bekek 500 euroko partida dute. Matrikularen ehuneko 50eko diru-laguntza emango da, eta gehieneko beka 100 eurokoa izango da. Eskatzaileek 16 urtetik gorakoak izan, Amurrion erroldatuta egon eta ikastarora ehuneko 80ko edo hortik gorako asistentzia egiaztatu beharko dute.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide