Lehiaketako lehen saria “Summer time - Kiss me” lanari eman diote, David Anocibar Arroqui iruindarraren mihise gaineko olio diptikoa. 4.000 euro eta eskultura oroigarri bat jasoko ditu. Epaimahaiak egilearen trebezia eta gaitasun teknikoa baloratu ditu, lan erakargarria osatuz, terminoaren esanahi zorrotzean, bai formatuari dagokionez, maisutasuna erakusten duten pintzelkada eta kolore-aukeraketarekin, bai gaiari dagokionez, aldi berean ikuslea deitzen eta aipatzen duen narrazio iradokitzaile batean oinarrituz.
“Staged landscape nº1” lanak, Gert Voor in 't Holt argazkilariaren fujicolor archive paperaren gainean positibatutako argazki digitalak, jaso du 1.500 euroko bigarren saria. Ofizioa erakusten duen argazkiaren zuzentasun nabariaz haratago, epaimahaiak ekintza, denbora, proposamen bat ikusi du lan horretan, lana zentratzen duen argizko laukizuzenean. Agertzen den eszenaratzeak, aldi berean, ekintzaren eta, beraz, mugimenduaren, promesa dakar. Argazkiak denbora du. Marko natural baten erdian dagoen argi-laukizuzenaren artifizialtasunak, gurutzatzen diren zuhaitzek proposatutako agertokian oztoporik jarri gabe, iradoki egiten du, eta, aldi berean urduritasuna sortzen du.
Herriko biztanleei zuzendutako saria, 1.000 eurokoa, Salvador Castañeda Hernándezek jaso du, paper gaineko “No quiero despertar. El orgasmo” injekzio-inpresioarekin. Bertan, autoreak giro psikologiko, trinko eta iradokitzailea osatzeko duen gaitasuna baloratu du epaimahaiak.
Epaimahaia osatu dutenak hauek izan dira: Charo Diéz Garaigorta, Arabako Artium Museoko hezkuntza eta kultur ekintza prozesuaren eta berrikuntza prozesuaren arduraduna; Edurne González, EHUko kultura hedapeneko dekanordea eta Arte Ederretako fakultateko eskultura eta arte eta teknologia irakaslea; eta Mikel Onandia, artearen historialaria eta EHUko artearen eta musikaren historia saileko irakaslea.
Erakusketa La Casonan
Gaur, 19:00etan, La Casonan egingo den sari banaketaren ondoren, urriaren 28ra arte ikusgai egongo diren 20 lan hautatuen erakusketa inauguratuko da.