Amurrioko Udalak zenbait ordenantza fiskal aldatzea onartu zuen atzo egindako osoko bilkuran. Horrela, Udala errenta tarteak kontuan hartuta hasi ahal izango da tasak eta zergak kobratzen.
Atzo hartutako erabakia, datozen urteetan 10 errenta-tarte ezartzeko helburua lortzeko lehen pausoa izango da, horietan aplikatu beharreko hobariak aplikatu ahal izateko. Osoko bilkurak onartu ondoren, 2022tik aurrera, lau errenta-tarte ezarri dira, eta horietan honela egingo dira hobariak: 0 eta 1 tarteetan, % 99ko hobaria; bigarren tartean, % 50ekoa; eta, 3. tartean, % 10eko hobaria.
Errenta-tarteak honako tasa eta zerga hauetan aplikatuko dira: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga eta hondakinak biltzeko, garraiatzeko eta ezabatzeko tasak, trikitixa eta panderoa, dantza-eskola, arte-eskola, “Oporretan ere euskaraz” programa eta udal-igerilekuak.
Akordioa, hamabi lan-mahaitan egindako lanaren ostean izan da posible. Mahai horietan teknikariek eta politikariek hartu dute parte. “Hilabete askotako lana izan da, baina hau da Amurrion fiskalitate sistema bidezkoagoa eta aurrerakoiagoa ezartzeko lehen pausoa. Diru-sarrera gutxien dituzten herritarrek izango dute hobari gehien. Sistema hori pixkanaka ezarriko da, beharrezkoa baita diru-bilketa kontrolatzea eta, pixkanaka, errenta-tarteak eta horien hobariak handitzea”, azaldu du Txerra Molinuevo, Amurrioko Udaleko alkateak.
Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga ere aldatu egin da, ibilgailuen motorraren eta erregaiaren araberako sailkapena kontuan hartuta. Onartutako neurriari esker, gutxien kutsatzen duten ibilgailuak izango dira hobarituenak. Neurri hori beharrezkoa izango da araudi-aldaketa berrietara egokitzeko. Zero emisio edo ECO identifikatzailea duten ibilgailuek % 50eko hobaria izango dute lau urtez, lehen matrikulaziotik hasita.