Amurrioko Udalak euskara arlo guztietan sustatu nahi du, eta, horregatik, AEKrekin batera, merkataritzan eta ostalaritzan diharduten langileei zuzendutako oinarrizko euskara ikastaro bat jarri du martxan, eskaintzen duten zerbitzuaren kalitatea hobetu ahal izateko. Prestakuntza horren bidez, parte-hartzaileek esaldi eta esamolde sorta bat ikasiko dute, bezeroarekin harremanak euskaraz izateko, hizkuntzaren kontrol osoa eduki beharrik gabe.
Udalak finantzatutako ikastaroak 18 orduko iraupena izango du, eta urriaren 26tik abenduaren 1era bitartean egingo da, astean bitan, ordu eta erdiko saioetan, izena eman duten pertsonek ordutegia beraien disponibilitatearen arabera aukeratu ahal dezaten. Izena urriaren 18ra arte eman ahal izango da 662303756 telefono-zenbakira deituz edo irabazieuskararekin@gmail.com helbide elektronikora idatziz.