Urtero Amurrion egiten den Filatelia eta Numismatika Erakusketa La Casonako erakusketa aretora iritsiko da aurten azaroaren 13tik 27ra. Erakusketaren inaugurazio ekitaldia azaroaren 13an izango da, 12:00etan, eta 17:00etatik 19:00etara bisitatu ahal izango da lanegunetan (astelehenetan izan ezik) eta 12:00etatik 14:00etara larunbat eta igandeetan.
Zigiluekin, txanponekin eta billeteekin dugun urteroko hitzordu horrek hainbat atal izango ditu. Erakutsitako txanponek hainbat gai islatuko dituzte: Espainiako monetak, behin-behineko gobernuko, Amadeoren eta Alfontso XII.aren eta XIII.aren gobernuetako ogerlekoak, eta Europar Batasuneko herrialde guztiek jaulkitako euroak. Txinako txanpon inperialak ere ikusi ahal izango dira, Zhou dinastiatik (K.a. 225) hasita eta baita Erromatar Errepublikako Moneta, Inperioaren hasierara arte. Beste gai batzuk hauek izango dira: hegazkingintzako aparteko pertsonak, dinosauroak, animaliak, zibilizazioak, kultura, kirolak, ontzak eta euroak koloretan. Beste atal batean, Juan Carlos I.aren erregealdiko billeteak erakutsiko dira, baita 1937ko Euskadiko Gobernuaren billeteen zenbakirik gabeko serie bat ere.
Filatelia atalari dagokionez, Armuru Elkarte Filateliko Numismatikoak 1981etik aurrera egin dituen erakusketa guztietako zigilu-markak eta Aranoak margotutako Amurrioko gurutze-bidearen zigiluak izango dira ikusgai. Aurten, ohi bezala, bilduma gonbidatu bat izango da, oraingoan Durangoko bildumagile baten likore-botilatxoen bilduma, hain zuzen ere.
Erakusketa tradizional honetan hainbat jarduera egingo dira. Horrela, azaroaren 16an, 17:00etatik 19:00etara, Correoseko Aldi Baterako Estafeta egongo da martxan. Oraingo honetan, zigilua, Victoriano Barañano Avendañoren, Armuru Elkarte Filateliko Numismatikoaren lehen presidentearen, oroimenez izango da. Horrela, Barañanori eskainitako zigilua eta zigilu-marka duten kartak mundu osoan bidali eta jaso ahal izango dira.
Gainera, La Casonan bi hitzaldi ere antolatu dira. Lehena azaroaren 17an izango da, 18:30ean, filateliari buruzkoa, eta, hurrengo egunean, ordu berean, bigarrena, numismatika gaitzat hartuta. Erakusketa aretoan ‘Ezagutza numismatikoa’ lehiaketa ere egingo da beste urte batzuetan bezala, gazteen artean jakin-mina sortzeko.