IRITZIA

Zaintza, Amurrioko Udaletik hasita

Erabiltzailearen aurpegia Amurrioko Udaleko Zaintza talde eragilea (Mariaje Udaeta, Noemi Llorente, Ana Izquierdo eta Izaskun Menoyo) 2022ko urt. 22a, 06:00

Ilustrazioa: Maitane Gartziandia

Zer ulertzen dugu zaintza gisa? Definiziotik hasita, ez da erraza izaten. Gure ingurunearen zaintzatik, bizi garen herri edo mundutik hasi, eta gure gorputzaren zein komunitatearen zaintzaraino; eredu berri batera egin behar da jauzi. Zaintzan fokua jartzeak ekonomia eta kapitala erdigunean dituen egungo eredutik pertsonak, gizartea, komunitatea eta ingurumena erdigunean dituen eredura aldatzea esan nahi du. 2019. urtean hasi zen udalaren barruko lan prozesua, zainketaren ikuspegia udalaren ekintzak gidatzeko itsasargi bihurtzeko helburuarekin. 

Ez da talde itxia. Aitzitik, irizpideak definitzeko prozesuan aurrera egin ahala, ikuspegi desberdinak txertatu ahal izatea espero da. Udal politikan eragin nahi dugu, udaletik egiten diren ekintza guztietan, zerbitzuetatik hasita diru-bilketaraino. Udal eskumenen barruan, administrazio logika publiko-pribatutik logika publikoago, sozialago eta komunitarioago batera igaro ahal izateko, pertsona guztiok zaintzeko eta zainduak izateko eskubidea dugula ahaztu gabe. 

Horretarako, edozein udal plan, zerbitzu eta ekintza diseinatzerakoan kontuan hartu beharko diren printzipio eta irizpide batzuk definitzen ari gara. Adibidez, irisgarritasuna, autonomia, aniztasuna, trantsizio energetikoa, ekonomia soziala eta solidarioa, hurbiltasuna, elikadura subiranotasuna, ekitatea, enplegu duina eta abar. 

Izan ere, bizitza erdigunean jartzeak hiri antolamenduari, herritarren parte hartzeari edo komunitatea biziberritzeari arreta jartzea suposatzen du, baita gizarte zerbitzu zein kolektibo zaurgarrien arretari lotutako baliabideak hornitzea ere. Horregatik, Zaintza Talde Eragilea Amurrioko Udal arlotako arduradunek eta alkatetzak osatzen dute. Talde honek hartzen du bere gain zaintza politikak tokiko ekintzetan txertatzeko eta zeharkakotzeko prozesua pilotatzeko erantzukizuna, jarraitu beharreko ibilbidea proposatuz, eta lortutako emaitzei buruz hausnartuz. 

Helburu orokorra irizpide batzuk zehaztea da, ondoren Amurrioko udalaren jarduketan zainketen ikuspegia zenbateraino txertatu den diagnostikatzeko, eta jarraitu beharreko ibilbide orriaren zein autoebaluaziorako tresna praktiko baten definizioa bideratzeko.

Bizitza erdigunean jartzeak epe luzerako prozesu bat eskatzen du, udal langileen sentsibilizazioa eta gaikuntza barne. Horretarako, Udalak ikerketa ekintza parte hartzailearen (IAP) printzipioei lotutako lan egiteko modu bat planteatzen du. Tresna horrek aukera ematen du adostasunerako formulak bilatzeko zaintzaren kontzeptuari eta haren irizpideei jarraituta. 

Finean, zaintza ikuspegia udal politiketan eta ekintzetan txertatzearen alde lan egitea, asmo handiko apustu eraldatzailea da; bizitza erdigunean jartzekoa, eta talde eragiletik politikarientzat eta teknikarientzat baliagarria izango den proposamen bat garatzen saiatzen ari gara, pertsona guztiekin atsegina izango den Amurrio bat sustatuz, gure inguruan ahalik eta modu zoriontsu zein osasungarrienean bizitzeko aukera emango diguna, pertsonen beharrak eta lehentasunak kontuan hartuta. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide