Amurrioko Udala piktogramak marrazten hasi da udalerriko oinezkoen pasabideetan, autismoaren espektroko nahasmenduak (TEA) dituzten pertsonei oinezkoen pasabideak zeharkatu aurretik jarraitu beharreko arauak ulertzen laguntzeko.
Ekintza hori udalerriko oinezkoen hamabost pasabide ingurutan gauzatuko da, horietako asko leku garrantzitsuetan, hala nola ikastetxeen, kultur etxearen, osasun etxearen, musika eskolaren, kiroldegiaren, Reforren edo tren geltokien inguruetan. Oinezkoen pasabideetan marraztuko diren piktogramak kolore urdineko sekuentzia dira, autismoa duten pertsonen sinboloa. Bertan, gelditu, begiratu, behatu eta autoak geldirik daudenean gurutzatu behar dutela adierazten da, modu erraz eta egokian.
Jarduketa horren helburua bide-segurtasuna hobetzea da, oinezkoentzako pasabideak bide-seinale horren esanahia ezagutzen ez duten kolektibo horretara egokituz; izan ere, oinezkoentzako pasabideen funtzionamendua ikasten ari diren neska-mutilei ez ezik, herritar guztiei gogorarazten die pasabideak gurutzatu aurretik jarraitu beharreko sekuentzia zuzena. Horrela, Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak azaldu duenez “oztopo kognitiboak ezabatzeko lan egiten dugu, askoz errazagoa baita irudiak dituzten mezuak prozesatzea. Gainera, horrelako ekintzek pertsona guztien irisgarritasunerako eskubidea bermatzen dute, eta, bereziki, autismoaren espektroko nahasmendua duten haurrena”.