Amurrioko Udalak eta adinekoen kontseilu sektorialak, merkatari txiki eta ertainen Izan Amurrio elkartearekin lankidetzan, “Establezimendu Lagunkoiak” programa jarri dute martxan, saltokiei, ostalaritzari eta zerbitzu pertsonalei adineko bezeroak erakartzeko jardunbideak eskainiko dizkien hezkuntza-kanpaina.
“Ekimenaren helburu nagusia establezimenduak bezeroentzat lagunkoiagoak izatea da. Horretarako, adinekoen beharretara egokitzeko aukera emango dieten jardunbideak eskainiko zaizkie, euren bizitza euren ohiko ingurunean eta ahalik eta modu autonomoenean gauzatzen jarrai dezaten”, Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak azaldu duenez.
Programa hori bultzatzeko, saltokiei, ostalaritzari eta zerbitzu pertsonaletarako lokalei zuzendutako prestakuntza-jardunaldia antolatu da martxoaren 3an, 14:00etatik 16:00etara, Nagusin, udalerria adinekoentzat lagunkoiagoa izan dadin egin beharreko jardunbideen berri emateko. Jardunaldi horretan parte hartuko dutenek adineko guztiei kalitatezko zerbitzua emateko jarraibideak eta gomendioak jasoko dituzte, hainbat eremutan izan ditzaketen beharrak konpentsatuz, hala nola mugikortasun-galera, ikusmena eta entzumena murriztea eta narriadura kognitiboa.
Prestakuntza-jardunaldian izena emateko idatzi turismo@amurriobidean.org helbidera edo deitu Amurrio Bidean 945891721 telefono zenbakira.
“Lagunkoiak gara”
“Establezimendu Lagunkoiak” ekimena Euskadi Lagunkoia-tik sortu da; izan ere, gaur egun, Euskadin 10 pertsonatik 2 65 urtetik gorakoak dira, eta 2029an, 10etik 3 izango dira. Gainera, adineko horiek hurbileko saltoki txikietan ibiltzen dira, eta zerbitzu ona fideltasunarekin eta leialtasunarekin saritzen dute; beraz, arreta pertsonalizatua eskatzen duen eta konfiantzazko harremana bilatzen duen kolektiboa da.