Amurrioko Udalak Kulturako Lehen Plan Estrategikoa aurkeztu du

Erabiltzailearen aurpegia Amurrioko Udala 2022ko mar. 28a, 07:00

Martxoaren 30ean, 19:00etan, Amurrio Antzokian Herritarrentzako irekita egingo den ekitaldian aurkeztuko da.

Amurrioko Udalak amaituta dauka udalerriko Kulturako lehen Plan Estrategikoa, eta datorren martxoaren 30ean, 19:00etan, aurkeztuko du Amurrio Antzokian, herritarrentzat irekita egongo den ekitaldian. Plan horren helburua datozen 10 urteetan, hau da, 2022tik 2032ra bitartean, kultura-politikak eta horien ondoriozko ekintzak egituratzea da.

Lehenengo plan horren helburu nagusia Amurrioko kultura-politikei esparru estrategikoa ematea da. Horretarako, alde batetik, esparru komun bat ezarriko da, sektore publikoaren zein pribatuaren erreferentzia izateko, eta, bestetik, lehentasuna emango zaie egitura horren parte diren eta izango diren proiektuen eta eragileen garapen indibiduala bultzatzeko ekintzei.

“Planaren ikuspegia kultura, artea eta sorkuntza Amurrioko bihotzean kokatzea da, bertako biztanleen bizitza aberastuz, banaka zein taldeka, eta herriaren garapenaren parte aktiboa izanik. Udalerriak mota askotako kultur eta sorkuntza proiektuak hartuko ditu, eta euskara ardatz izango duten ekimenak sortzea eta sendotzea zainduko du. Gainera, arterako eta kulturarako sarbidea bermatzeko xedez, herriak erdigunean jarriko ditu ikus-entzuleak, audientziak garatzeko lana proiektuen kudeaketan ezinbesteko pieza gisa txertatuz. Horrela, umeak eta gazteak zaindu beharreko lehentasunezko segmentuak izango dira, bai eta hainbat arrazoirengatik kalteberatasun-egoeran dauden pertsonak edo/eta kolektiboak ere. Plan horren barruan gauzatzen diren ekintza guztiak berdintasun-politikekin koherenteak izango dira”, Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak azaldu duenez.

2022-2032 Kultura Plan Estrategikoak hainbat erronka ezartzen ditu, horien artean herritar sortzaileen, ikusle-entzuleen eta parte-hartzaileen existentzia erraztea, tokiko sortzaileei laguntzea, proiektu publikoak sendotzea, kulturaren eta sorkuntzaren sektorearen garapen profesionalerako mesedegarria den testuingurua sortzen laguntzea, eragile publiko eta pribatuei kultura-proiektu komun bat sortzeko baliabideak ematea, eta kulturari balioa ematea beste esparru batzuetan eragina izateko: gizartean, osasunean, ingurumenean, ekonomian, etab.

Gainera, planak 10 ardatz ditu, eta ardatz bakoitzak hainbat ildo:

  • Kohesioa eta koordinazioa. Amurrioko kulturako eta sorkuntzako eragileen artean loturak sortzea eta sendotzea.
  • Ikus-entzuleak eta komunitateak sortzea eta sendotzea.
  • Eskolak eta udal kultur ekipamenduak. Arte-eskolen / udal-ekipamenduen berariazko beharrei erantzutea.
  • Zerbitzu publikorako bokazioa duten herritarren ekimenak. Zerbitzu publikoa eskaintzen duten eta Udalak ematen duen zerbitzua osatzen duten herriko herritarren ekimenen beharrei erantzutea.
  • Sorkuntza garaikidea. Hainbat diziplina artistikorekin lotutako proiektu artistiko garaikideak garatzen laguntzea.
  • Enpresa-proiektuak. Kultura- eta sorkuntza-sektoreko erakunde pribatuetan lanbide gauzatzea bultzatzeko testuingurua sortzea.
  • Herriko jaiak.
  • Kulturaren zeharkakotasuna. Kultura potentziala duen eremu gisa balioestea beste arlo batzuetan eragiteko: gizartean, osasunean, ingurumenean, ekonomian, etab.
  • Kultura euskaraz. Amurrioko bizitza kulturalean euskararen presentzia sendotzea.
  • Kultura berdintasunean. Amurrioko bizitza kulturalean genero-ikuspegia finkatzea.

Kultura Planaren jatorria

Amurrioko Kultura Plana aurretiko diagnostiko batean oinarrituta dago. Diagnostiko horretan, kultur arloko hainbat eragilek azken hamar urteetan gauzatu dituzten proiektuei buruzko datuak eta ondorioak aurkezten dira, besteak beste, eskola artistikoa, musika-eskola, herri musika eskola, dantza-eskola, Amurrio antzokia, Liburutegia…, eta elkarte-sarea eta hainbat azpiegitura.

Lan-metodologia, udaleko irakaskuntza- eta kultura-dispositiboetan ez ezik, herriko kultura- eta sorkuntza-sektoreko hainbat eragilerekin eta Arabako Foru Aldundiko kultura-sailarekin hitz egitean ere oinarritu da, baita Amurrioko kultura- eta sorkuntza-eragileekin egindako saio irekian ere.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide