Udalak 2022ko Amurrioko jaiak iragarriko dituen kartelaren lehiaketa jarri du abian. Gainera, haurrei zuzendutako lehiaketa ere antolatu da, eta irabazleak jaietako programaren kontrazaleko irudia egingo du.
Kartel lehiaketan parte hartzen dutenek gehienez bi lan aurkeztu ahal izango dituzte, originalak eta argitaratu gabeak. Kartelek Amurrioko armarria eta testu hau izan beharko dute: “Amurrioko jaiak 2022. Abuztuaren 12tik 17ra”. Nahi izanez gero, gaztelaniaz eta euskaraz testu hau ere sar daiteke: “Andra Mari eta San Rokeren ohorez. En honor de Ntra. Sra. y San Roque”.
Lanak apirilaren 1etik 30era aurkeztu ahal izango dira Amurrioko Kultur Etxean. Irabazleak 800 euroko saria jasoko du.
Haurrentzako lehiaketa
Haurrentzako lehiaketari dagokionez, 2022ko Amurrioko jaietako programaren kontrazala aukeratzea du helburu. Parte-hartzaile bakoitzak lan original eta argitaratu gabe bakarra aurkeztu ahal izango du. Kontrazalak Amurrioko armarria izan beharko du, eta ondorengo testua, “Amurrioko jaiak 2022. Andra Mari eta San Rokeren ohorez”, euskaraz eta gaztelaniaz.
Lanak apirilaren 1etik 30era aurkeztu ahal izango dira Amurrioko Kultur Etxean. Proposamen irabazleak eskolako materialerako 60 euro jasoko ditu, eta eskolako materialerako 30 euroko bi akzesit ere emango dira. Horiek guztiak Amurrio Antzokirako zinebono batekin osatuko dira.
Kartel irabazlea eta kontrazala epaimahai batek aukeratuko ditu. Epaimahaia diseinuan eta artean adituak diren hiru pertsonak osatuko dute. Sari banaketa maiatzaren 13an izango da, 19:00etan, La Casona udal erakusketa aretoan. Egun horretan bertan inauguratuko da aukeratutako lanen erakusketa, eta maiatzaren 27ra arte luzatuko da.