Amurriok abian jarri du berriz ere ‘Amurrio oinetatik burura’ kanpaina, merkataritzak eta zerbitzuen sektoreak udalerrian dituzten aukerak ezagutarazteko eta tokiko kontsumoa sustatzeko. Amurrioko Udala, Amurrio Bidean eta Izan Amurrio dira kanpainaren bultzatzaileak eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin finantzatuko da. Amurriotik irten gabe eros daitekeen produktu sorta zabala ezagutzera emango duen ekimena datorren astelehenean hasiko da eta hilabetez luzatuko da, maiatzaren 9ra arte.
Bigarren edizio honetan, besteak beste, moda, etxe, osagarri, elikadura, liburu-denda edo ostalaritzako 43 establezimenduk hartuko dute parte. Hilabete batez, 20 argazki argitaratuko dira #Amurriooinetatikburura traolarekin. Horietan, hainbat establezimendutako 129 artikulu ikusi ahal izango dira Amurrio Bideanen eta Izan Amurrioren Facebooken eta Instagramen. Irudi horiek argitaratzeak, gainera, udalerriko saltokien sare sozialak bultzatu nahi ditu, eta digitalizaziora egokitzen lagundu.
“Bigarren urtez jarraian, kanpaina honetan Amurriok duen eskaintza zabalaren erakusleiho birtuala izan nahi dugu. Gaur egun, denetarik eros daiteke gure udalerrian, eta kanpaina honen bidez gure denda eta zerbitzuetako kontsumoa bultzatu nahi dugu”, adierazi du Txerra Molinuevo Amurrioko Udaleko alkateak.
Asteroko zozketa
Udalerriko establezimenduei ahalik eta zabalkunde handiena emateko asmoz, astero zozketa bat antolatu da, lau guztira, Instagramen, eta astelehenetan egingo dira. Horretarako, parte hartu nahi dutenek Amurrio Bideanen eta Izan Amurrioren kontuak jarraitu beharko dituzte, argitalpenari atsegin dut eman eta benetako 2 profil aipatu. Gainera, argitalpenetako bat storie-etan partekatzea zozketan parte hartzeko beste modu bat izango da; profil pribatuen kasuan, kaptura bat bidali beharko da modu pribatuan bi kontuetako edozeinetara. Guztira 4 sari banatuko dira, astean bat, irudi-aholkularitzako 2 saio estilista batekin eta entrenamendu pertsonaleko 2 saio.