Amurrioko Udalak eta Sartu-Araba Birgizarteratze Elkarteak, prestakuntzako aldi bat eta laneko beste bat batuko dituen “Pertsonen zaintza arloko prestakuntza- eta enplegu-proiektua” izeneko programa abian jartzeko lankidetza-hitzarmena sinatuko dute. Horretarako, Udalak 197.436 euro bideratuko ditu Sartu Araba elkartera proiektua aurrera eramateko. Izena emateko epea ekainaren 15ean amaituko da, eta Amurrioko Udaleko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan eta Sartu Arabaren Laudioko bulegoetan egin ahal izango da.
“Enplegu-suntsiketa egoerak eta Covid-19ak sortutako pandemiak lan-eremuan utzi dizkigun ondorioek bultzatu gaituzte enpleguan inbertsio hori egitera, Sartu Araba Elkartearekin hitzarmena sinatuz. Hitzarmen horrek, izena eman duten pertsonen laneratzea ahalbidetzeaz gain, beren lanbide-kualifikazioa hobetuko duen prestakuntza alderdia izango du”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.
Hitzarmenaren helburua parte-hartzaileak lan-munduan txertatzea da, eta, programa horren bidez, 15 pertsonako talde bat era profesionalean gaitzea lortuko da “Etxez etxeko arretaren oinarrizko zereginak” izeneko 160 orduko prestakuntza-ekintzaren bidez. Horren ondoren, horietako 10ek sei hilabeteko lan-esperientzia izango dute arreta-premiak dituzten pertsonen zaintzan jasotako prestakuntzarekin erlazionatutako lanpostu batean.
Zaintza arloko prestakuntza, programaren funtsezko pieza, Zaraobe Institutuan emango da ekainaren 20tik uztailaren 29ra, 9:45etik 15:15era. Bestalde, prestakuntzan parte hartzen dutenek 261 eurorainoko laguntza ekonomikoa izango dute.
“Udalak eta Sartu Arabak euren ahaleginak batu dituzte programa bultzatzeko; izan ere, udalerriko pertsonen zaintza-zerbitzuak hobetzera bideratuta dago, pertsonen zaintza gure eguneroko laneko zutabeetako bat delako, hau da, arreta berezia behar duten pertsonen, haien familiaren eta ingurunearen bizi-kalitatea hobetzea”, adierazi du Molinuevok.
Izena emateko epea zabalik dago Amurrioko Udaleko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan eta Sartu Arabak Laudion dituen bulegoetan, eta interesdunek ekainaren 15era arte izango dute izena emateko aukera. Programan parte hartzeko, Amurrioko udalerrian erroldatuta egon beharko dute, gutxienez bi urteko antzinatasunarekin, eta Lanbiden izena emanda egon beharko dute enplegu-eskatzaile gisa. Informazio gehiago nahi izanez gero, 94 672 77 73 telefono-zenbakira deitu daiteke.