Amurrioko Udalak bigarren urtez jarri ditu abian udalerrian ekonomia zirkularra, konponketa eta auto-konponketa sustatuko duten negozio-linea berriak ezartzeko diru-laguntzak. Eskabideak aurkezteko epea deialdia ALHAOn argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2022ko irailaren 30ean amaituko da.
Laguntzaren zenbatekoa egindako inbertsioaren %75era artekoa izan daiteke, eta gehienez 4.000 euro enpresa bakoitzeko. Bestalde, diru-laguntzaren erakunde onuradunak gutxienez 1.000 euroko inbertsioa egin beharko du lan-ildo berrian.
10.000 euroko aurrekontua duen laguntza-lerro horren bitartez, “udalerriaren garapen sozioekonomikoa eta jasangarria bultzatu nahi da, eta, aldi berean, ekonomia zirkularra, konponketa eta auto-konponketa sustatu nahi dira negozio-linea berriak abian jartzeko diru-laguntzaren bitartez”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.
Diru-laguntza eskatzeko baldintzak
Laguntza eskatzeko, pertsona autonomoek, sozietate zibilek edo ondasun-erkidegoek, pertsona juridikoek eta irabazi-asmorik gabeko elkarteek baldintza hauek bete beharko dituzte:
- 2022ko urtarrilaren 1etik 2022ko irailaren 30era bitartean ekonomia zirkularreko, konponketako edo auto-konponketako negozio-linea berria ezarri edo abian jarri izana.
- EJZn alta emanda egotea.
- Gizarte Segurantzarekiko, Arabako Foru Ogasunarekiko eta Amurrioko Udalarekiko betebeharrak egunean izatea.
- Laguntza eskariaren xede den jarduera Amurrion egitea, eta egoitza soziala eta fiskala bertan izatea. Jarduerarekin erlazionatutako establezimendu bat udalerrian duten pertsona fisikoak ere izan daitezke laguntzaren onuradun.
- Jardueren udal-erregistroan alta emanda egotea.
- Gehienez 25 langile dituzten enpresak (kontratatutako pertsonen eta autonomoen batura). Ezin izango dute aurretik deskribatutako baldintzaren bat betetzen ez duten enpresen ehuneko 25etik gorako partaidetza izan.