Zabalik dago Amurrioko Udalak deitutako 2022ko ‘Amurrio Hiria’ XXXVI. Arte Lehiaketako obrak jasotzeko epea. Lehiaketak 6.500 euro banatuko ditu saritan, eta sari banaketa irailaren 29an egingo da, hautatutako lanen erakusketaren inaugurazioarekin batera.
Parte-hartzaileek bi lan berri eta original aurkeztu ahal izango dituzte, aldez aurretik ezein lehiaketan sarituak izan ez direnak eta teknika eta gai librekoak. Lanen neurriei dagokienez, bi dimentsioko artelanek ez dituzte 150 x 150 zentimetroak gaindituko eta, hiru dimentsiokoen kasuan, ezingo dira 100 zentimetro baino gehiagokoak izan.
Artelanen harrera
Lehiaketak 6.500 euro banatuko ditu saritan eta oroimenezko eskultura bana irabazle bakoitzari. Lehenengo sariak 4.000 euroko balioa du eta bigarrenak 1.500 eurokoa.
Gainera, 1.000 euroko herriko saria banatuko da Amurrioko parte-hartzaileen artean.
Obrak La Casona erakustaretoan jasoko dira irailaren 16ra arte, 10:00etatik 14:00etara, astelehenetan izan ezik. Sari banaketa irailaren 29an izango da, 19:00etan, erakusketaren inaugurazioarekin bat etorriz. Urriaren 27ra arte egongo dira bertan aukeratutako lanak.