Aste honetan hasi dira Amurrioko Etxegoien kaleko aparkalekua eraikitzeko lanak. Aparkaleku berriak 56 plaza izango ditu, horietako bi egokituta, 307.896 euroko inbertsioa eskatuko du, eta 10 aste barru amaitzea aurreikusten da.
“Funtsezko jarduketa da inguru horretan, izan ere, inguruan hiru ikastetxe daude. Gainera, Amurrioko bizilagunek aukeratu zuten proiektua, eta Etxegoien kalea berrantolatzea ahalbidetuko du”, azaldu du Txerra Molinuevo alkateak.
Etxegoien kaleko aparkaleku berriak Amurrioko herritarrek udal-aurrekontu parte-hartzaileen AmurriokoEKIN programan hautatutako proiektuetako bati erantzuten dio. Jarduketa horrek, gainera, inguruan dauden Aresketa Ikastolaren, Zaraobe Institutuaren eta Amurrioko Tantaka Haurreskolaren ekipamendu osagarria sortzea dakar.
Aparkalekua eraikitzearekin batera, inguruan egindako azterlan baten ondoren, galtzada berrantolatzea aurreikusten da, zenbait aparkaleku kenduz.