Amurrioko Udalak herritarrei zuzendutako zenbait gomendio egin ditu, udalerriko merkataritza ahalik eta jasangarriena izan dadin. Kanpainak Arabako Foru Aldundiaren laguntza du.
‘Merkataritza jasangarria Amurrion’ kanpainaren helburua erosketa bat egiten dugun bakoitzean keinu txikien atzean ezkutatzen den ingurumen-aztarna murriztea da. Gomendio nagusia tokiko merkataritzan kontsumitzea da. Hurbileko kontsumo hori oso lotuta dago kontsumo arduratsuarekin, ingurumenari, tokiko ekoizleei eta udalerriko enpresa txikiei laguntzen dielako.
Merkataritza jasangarria izaten laguntzen duen beste keinuetako bat tiket digitala eskatzea da. Ordainagiri digitala errealitatea da dagoeneko, eta jasangarria izateaz gain, seguruagoa eta praktikoagoa da. Horrela, txartelarekin egindako ordainketen kopiarik ez eskatzea ere gomendatzen da, ordainketa zuzena dela ziurtatzeko osagarria besterik ez baita, eta ez da beharrezkoa erreklamazioak egiteko.
Azkenik, jasangarria izateko beste aukera batzuk, edozein erosketa egiterakoan orga, motxila, saski edo oihalezko poltsa berrerabilgarriak erabiltzea dira. “Amurrioko Udalak jardunbide erraz horiek jarraitzeko deia egiten die herritarrei, guztion artean merkataritza eta udalerri jasangarriagoa lor dezagun”, adierazi du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.