Armurulanda Plazan dagoen Amurrioko Udal Ludoteka berriak martxoaren 6an irekiko ditu ateak. Zerbitzua martxotik ekainera eskainiko da, eta 2013 eta 2019 artean (biak barne) jaiotako herriko haurrei zuzenduta egongo da. Irekiera-egun zehatzak erabakitzeko, galdeketa bat egingo da aurrematrikulekin batera, eta, behin egunak zehaztuta, erabiltzaile bakoitzari txanda bat esleituko zaio.
Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak azaldu duenez, “gune berri horrek euskaraz jolasteko eta harremanak izateko gune egokia eta hezitzailea eskainiko die herriko haurrei”.
Aurrematrikula egiteko epea bihar, otsailaren 1ean, hasiko da, eta otsailaren 13ra arte egongo da zabalik. Eskaerak online egin ahal izango dira udalaren webguneko estekaren bidez edo aurrematrikula-orria beteta aurkeztuz Udaletxean edo Kultur Etxean.
Edukiera mugatua denez, plaza baino eskaera gehiago egonez gero zozketa bidez esleituko dira. Beharrezkoa izanez gero, zozketa otsailaren 17an egingo da, eta otsailaren 20an argitaratuko dira onartuen zerrendak eta esleitutako txandak. Behin zerrenda argitaratuta, otsailaren 22tik martxoaren 1era matrikula egin eta kuota ordainduko da. Otsailaren 6an, 18:00etan, informazio-bilera bat egingo da Ludotekan, sor daitezkeen zalantzak argitzeko.