Amurrioko Udalak eta Vicente Ferrer Fundazioak duela zenbait urtetik gauzatzen ari diren lankidetza-hitzarmena berritu dute gaur goizean. Proiektuak Indiako Kurnool barrutiko Thurvagal landa-komunitateko 54 familiari etxebizitza duinerako sarbidea ematea du helburu, eta Udalaren 10.000 euroko laguntza jasoko du.
Proiektuaren bitartez, etxebizitza duina izateko eskubidea sustatzen eta bermatzen da, genero-ikuspegitik egokia den saneamenduarekin. Proiektu honen helburua 54 pertsonaren eta haien familien gizarte, ekonomia eta ingurumen arloetako kalteberatasuna murriztea da. Bi eremutan eragina izatea aurreikusi da: batetik, etxebizitza berriaren ezaugarriei esker osasuna eta higienea hobetzea eta oinarrizko saneamendu-sistema ezartzea, eta, bestetik, familia onuradunen estatusa eta gizarte-posizioa hobetzea komunitatearen barruan, eraikitako etxebizitzen jabe berriak diren emakumeen kasuan batez ere.
Etxebizitzak eraikitzeaz gain, higieneari buruzko sentsibilizazio-tailerrak ere egingo dira, komun eta bainu-gela azpiegitura berrietara egokitzeko eta higiene- eta osasun-ohitura egokiekiko kontzientzia areagotzeko.
Proiektuak, gainera, Thurvagal komunitateko familien autoantolaketarako gaitasunaren garapena eta ahalduntzea sustatuko ditu, izan ere, eraikuntza-batzordea sortuz eta jasoko dituzten prestakuntzekin, familia parte hartzaileek materialen erosketa-prozesuaren eta etxebizitzen eraikuntzaren monitorizazio-prozesuaren zati garrantzitsua egingo dute, proiektuaren fase guztietan inplikatuta egoteak dakarren proiektua eurenganatzeko sentimendua areagotuz.
Thurvagaleko landa-komunitateko 54 pertsona eta haien familiak dira proiektuaren hartzaile zuzenak; guztira 253 pertsona dira (123 emakume eta 130 gizon), eta horien artean 72 mutiko eta 65 neskato daude.