Amurriok Liburu Azoka hartuko du maiatzaren 3tik 7ra. Urtero bezala, Euskadiko Liburu Ganberak antolatzen du, Amurrioko Udalaren laguntzarekin. Elexondo pasealekuan egongo da, Juan Urrutia plazaren parean, eta 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era bisitatu ahal izango diren 9 etxola egongo dira bertan.
Azokan, % 10eko deskontua izango duten euskarazko eta gaztelaniazko azken argitalpenak, liburuak eta diskoak, aurkitu ahal izango dira, bai eta saldoen atal bat ere. Azokara hurbiltzen direnek, aurtengo edizioko gai nagusia den “Emakumea protagonista, Euskal idazle emakumeak” gaiari buruzko liburu-erakusketa aurkituko dute.
Idazleen sinadurak
Aurreikuspenen arabera, azokan zehar, baina asteburuan batez ere, egileak egongo dira standetan, hala eskatzen dutenei euren liburuak sinatuz. Egileak hauek izango dira: Javier Sagastiberri, Elena Peña Bilbao, Miren E. Palacios eta Beñat Arginzoniz.
