Joan den apirilaren 19tik, Amurriok, jarduera fisikorako eta osasunerako 'Bizi Zaitez Bizi' eta 'Bizitza Aktiboa osasunerako 55+' programen bitartez Mugiamurriotik bultzatutako jarduerak hartzen ditu. Aldi berri bat ireki da parte hartu nahi duten guztiek bizitza osasungarriaren proiektu honetan parte hartzeko aukera izan dezaten. Bi programa horiekin batera, orientazio-zerbitzua ematen jarraituko da Kultur Etxean, hitzordua eskatuta, ostegunetan 16:00etatik 18:00etara, eta ostiraletan 11:00etatik 13:00etara, interesa duten pertsonek aholkularitza jaso dezaten.
'Bizi Zaitez Bizi' programa ostegunetan gauzatuko da Nagusi Etxean eta bi talde izango ditu, 10:30ean eta 12:00etan. Programa horren helburua Amurrioko adinekoen ongizatea, bizi-kalitatea eta garapen pertsonala sustatzea da. Saioetan, modu aktibo eta gogobetegarrian zahartzeko moduari buruzko ezagutzak transmitituko dira, bizimodu aktibo eta osasungarriak sustatuko dira, eta jarduera funtzionala konpentsatzeko eta funtzionamendu emozionala, motibaziozkoa eta soziala optimizatzeko estrategiak irakatsi eta entrenatuko dira.
Bestalde, 'Bizitza aktiboa osasunerako 55+' programa asteazkenetan gauzatuko da Reforren, eta hiru talde izango ditu, 9:30ean, 10:30ean eta 11:30ean. Jarduera horren helburua 55 urtetik gorako udalerriko biztanleen artean zahartze aktibo eta osasungarria sustatzea da, jarduera fisikoa bezalako ohitura osasungarriak irakatsiz eta entrenatuz. Jarduera funtzionala konpentsatzeko estrategiak landuko dira, bai eta bizimodu aktibo eta osasungarria lortzeko funtzionamendu motibazionala optimizatzeko estrategiak ere.
Programan parte hartu nahi dutenek Kultur Etxeko lehenengo solairuan dagoen Mugiamurrioren bulegoan eman ahal izango dute izena, ostegunetan 16:00etatik 18:00etara eta ostiraletan 11:00etatik 13:00etara, edo 619.411.732 telefono-zenbakira deituz.
Orientazio-zerbitzua
Mugiamurrioko pieza garrantzitsua den orientazio zerbitzua, Kultur Etxean jarraitzen da gauzatzen ostegunetan, 16:00etatik 18:00etara, eta ostiraletan, 11:00etatik 13:00etara, interesa dutenek aholkularitza jaso dezaten. Orientazio zerbitzura joateko hitzordua eskatu beharko da aurretik, 619411732 telefono-zenbakira deituz edo mugiamurrio@gmail.com helbidera idatziz.