Urtero bezala, San Juan jaiak emango dio ongi etorria udari Amurrion. Jaia Juan Urrutia parkean ospatuko da datorren ostiralean, ekainak 23.
Egitaraua 17:30ean hasiko da, “kaleko” bertso saioarekin Arabako Bertsolari Elkartearen eskutik. 19:00etan Udal Musika Eskolako Combos taldearen emanaldia izango da. San Juan ospakizunak 19:30etan jarraituko du Scout taldearen txokolatadarekin eta Kalaka eta bere egurrezko jolas parkearekin. 21:30ean, Akelarrea hasiko da Otsemeak taldearen eskutik. Ondoren, 22:30ean, Luhartz taldearen erromeria.
Asteburu musikala
Jaiegun hori aprobetxatuz, tabernek musika-asteburua antolatu dute ostegunetik igandera. Programazioa ostegunean, hilak 22, hasiko da, 19:00etan, Udal Musika Eskolak Antzokian emango duen kontzertuarekin. Emanaldi horren ondoren herriko hainbat taberna hartuko dituen Poteoa etorriko da. Poteoa ostegun eta ostiral arratsaldez, larunbatean 12:30etatik aurrera eta igande goizean luzatuko da.