Amurrioko Udalak Haurrak Jolasteko udalerrian dauden guneetan zoladura aldatzeko obrak esleitzea onartu du gaur goizean Tokiko Gobernu Batzarrean. Montajes y Mantenimiento del Norte, S.L. (MOMANOR) da Maskuribai-Goiena, Errotatxu, Eliza eta Amurrioko San Jose parkean haurrak jolasteko dauden guneetako zoladura aldatzeko obren enpresa esleipenduna. Hainbat eskaintza aztertu eta MOMANORen proposamen ekonomikoa Udalaren interesetara egokitzen dela egiaztatu ondoren hartu da erabakia.
Proiektu hori 2002an eta 2003-04an instalatutako zoladurak berritzeko beharretik sortu zen, horien balio-bizitza agortutzat jotzen baita. Haurrek jolasteko guneek nolabaiteko narriadura dute, eta onartutako konponbidearen bitartez dagoen zoladura kendu eta, bere ordez, segurtasun-zoladura jarraitu biguna jarri behar da, kautxuzkoa hori ere, in situ egina. Zoladura berri horrek soluzio segurua eta estetikoki atsegina ematen du, eta erorikoen ondoriozko lesio-arriskuak murrizteko bereziki diseinatuta dago.
Lanak hiru gune nagusitan banatuko dira: Maskuribai-Goienan, Errotatxu eta Elizan, eta San Josen. Lehendik dauden zoladurak ere kendu eta behar bezala kudeatuko dira, eta segurtasun-zoladura jarraitu berria instalatuko da.
Proiektu honetarako inbertsioa 29.980,76 eurokoa da, BEZa barne. MOMANORen proposamena eskaintza ekonomiko egokiena aurkeztu duelako aukeratu da, Udalak ezarritako baldintzak betez eta esleitutako 30.000,00 euroko aurrekontura egokituz.
“Amurrioko Udaletik, gastua onartu eta kontratua MOMANORi esleitu ondoren, haurrek jolasteko guneetako baldintzak nabarmen hobetzea espero dugu, udalerriko umeei ingurune seguruagoa eta erakargarriagoa eskainiz”, azaldu du Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak.
Bestalde, Amurrioko Udalak 2023rako prestakuntzarako beken bidez udalerrian enplegua sustatzeko dirulaguntzen deialdiaren ebazpena iragarri du. Deialdian Amurrion erroldatuta eta langabezian dauden 30 urtetik beherako gazteei 8 beka emateko aukera ezarri bazen ere, azkenean 5 beka eman dira; izan ere, 6 eskaera baino ez dira erregistratu, eta eskatzaileetako batek uko egin dio ondoren.
Beken onuradun gazteek astean 30 orduko praktikak egingo dituzte udalerriko hainbat sektoretako enpresetan. Laguntza-programaren helburua bikoitza da: batetik, gazteei lan-merkatuan sartzeko aukera ematea, eta, bestetik, enpresei talentu gaztea eskaintzea, enpresa horietan garapen profesionala izan dezaten.