Amurrioko Udalak sustatutako Ttipi Ttapa ibilaldi partekatuek arrakasta handia lortu dute 2024ko lehen seihilekoan. Guztira, sei ibilaldi egin dira, eta, batez beste, 78 pertsonak parte hartu dute ibilaldi bakoitzean.
Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzaren, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren laguntza izan du proiektuak. Gainera, Nagusilan, Adinekoen Kontseilua, Amurrioko Osasun Zentroa, Zaraobe Institutua eta ASASAM erakundeek ere parte hartu dute.
Jarduera fisikoa sustatzeaz gain, proiektuaren helburu nabarmenen artean kohesio soziala, belaunaldien arteko elkarreragina eta dibertsitate funtzionala duten pertsonen integrazioa daude. Ahalegin horien adibide bat egoitzan instituzionalizatutako adineko pertsonen parte-hartzea izan da, boluntario konprometituen laguntzari esker ibilaldietara batu ahal izan baitira.
Amurrioko Udalak eta erakunde laguntzaileek ekimen horri eusteko eta hobetzeko lanean jarraituko dute, bizimodu aktiboa eta osasungarria sustatzen jarraitzeko eta udalerrian komunitate-loturak sendotzeko.