Herritarrek jaiei buruz duten iritzia ezagutzeko eta 2026. urterako proposamenak jasotzeko, Amurrioko Udalak formulario bat prestatu du, irailaren 30era arte bete ahal izango dena.
Interesdunek formulario honen bidez aurkeztu ahal izango dituzte balorazioak eta proposamenak: https://labur.eus/q9vf1wq7. Laguntza behar izanez gero, interesa duten pertsonak Amurrioko Udaleko lehenengo solairuan dagoen jaietako sailera joan ahal izango dira astelehenetik ostiralera 8:00etatik 14:00etara edo 629 42 33 06 telefonora deituta.
"Jaia gizarte baten balioak, sinesmenak, irudikapenak eta baldintzak laburbiltzen eta taularatzen dituen gertaera soziala da; horregatik, herriak bere jaiak definitzen parte hartu behar du, bere nortasunaren parte direlako. Horrela, herritarrak inkestan parte hartzera eta guztion artean programa biribil bat diseinatzera animatzen ditut "aipatu du Naiara Barallobre Jai eta Kultura zinegotziak.
Balorazioa eta proposamenak aurkezteko epea amaituta, horiek jaietako lantaldean landuko dira, eta kontuan hartuko dira 2026ko programa definitzerakoa. Programa horretan proposamen horiek sartzen saiatuko da, betiere bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa, balio kulturalak eta sozialak, publiko desberdinen arteko oreka eta abar kontuan hartuta.
Alde horretatik, jaietako lantaldea talde irekia da, eta hilabete bakoitzeko bigarren astelehenetan elkartzen da, 18:00etan, Amurrioko udaletxeko osoko bilkuren aretoan, nahi duten guztiek parte har dezaten. Hauek dira aurreikusitako datak: urriaren 7a, azaroaren 10a, abenduaren 15a, urtarrilaren 12a, otsailaren 9a, martxoaren 9a, apirilaren 13a, maiatzaren 11 eta ekainaren 8.