Amurrioko Udalak Enplegu eta Garapen Lokaleko Plana prestatzeko lanak jarri ditu martxan, Euskadiko Enpleguaren Estrategiaren ezarpenaren fase pilotuaren barruan kokatutako ekimen baten baitan.
Amurrio Euskadiko 11 udalerrietako baten gisa hautatua izan da lehen fase honetan parte hartzeko, hiru hiriburuak eta lurralde- eta lan-egoera ezberdinen adierazgarri diren beste zenbait herrirekin batera.
Amurrioko Enplegu eta Garapen Lokaleko Plana hurrengo sei hilabeteetan garatuko da, eta bere helburua izango da gizarte- eta lan-inklusioa bultzatzea, kalitatezko enplegua sustatzea eta tokiko garapen ekonomikoa indartzea.
Prozesuak udalerriko errealitate sozioekonomikoaren diagnostiko kuantitatibo eta kualitatiboa egitea aurreikusten du, baita lurraldeko gizarte- eta ekonomia-eragileekin kontraste-saio parte-hartzaileak egitea ere.
Lan horretatik abiatuta, Amurrioko enpleguaren etorkizunerako ildo estrategikoak eta lehentasunezko ekintzak zehaztuko dira, datozen urteetako jardun-planaren oinarriak ezartzeko.
Planak jarraipen- eta ebaluazio-mekanismoak ere jasoko ditu, hartutako neurriak eta horien eragina tokiko garapenean eta herritarren ongizatean neurtzeko aukera emango dutenak.
“Plan hau aukera bat da Amurrioko enplegu lokala eta gizarte-kohesioa sendotzen jarraitzeko, erakundeen eta lurraldeko eragileen arteko lankidetzatik abiatuta”, adierazi du Amurrioko alkateak, Txerra Molinuevok. “Guztion parte-hartzearekin, gertukoagoa, inklusiboagoa eta iraunkorragoa izango den enplegu-eredu bat eraiki nahi dugu”, gaineratu du.
Tokiko enplegu-planen abiarazpena 15/2023 Enplegu Legearen betetzearekin bat dator. Lege horrek udalerriei eskumen propioak aitortzen dizkie enplegu-politika aktiboak diseinatu eta gauzatzeko, eta, horrela, enpleguaren sustapenean eta garapen ekonomikoan funtsezko eragile gisa duten eginkizuna indartzen du.
Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua eta lehendakariordea, Mikel Torres, izan zen ekimen hau aurkeztu zuena, Arabako Parke Teknologikoan egindako ekitaldi batean. Bertan, 7 milioi euroko inbertsioa iragarri zuen 2026ra arte, Euskadin lehenengo tokiko enplegu eta garapen planak ezartzeko.
Kalitatezko enpleguaren eta gizarte-kohesioaren aldeko konpromisoa
Amurrioko Enplegu eta Garapen Lokaleko Plana Euskadi osoko estrategia bateratu baten barruan kokatzen da, lan duina sortzea, gizarte-kohesioa sustatzea eta desoreka sozial eta lurraldekoak murriztea helburu dituen estrategian.