Datorren urriaren 9an, Amurrioko Udaletxeko osoko bilkuren aretoan, informazio-saio bat egingo da Amurrioko HAPOaren aldaketa puntualarekin lotuta, Arau Urbanistiko Orokorren 17. artikuluari dagokionez, eta hiru eremu industrial esanguratsuren erabileren araubidea birdefinitzeko helburuarekin: AC 21 “Maskuribai”, AC 22.1 “Aldaiturriaga erdigunea” eta AI 23 “Maskuribai Larrinbe”.
2025eko uztailaren 8an, udal teknikariek, Hirigintza Batzordeko kideek eta Amurrioko elkarte ezberdinek osatutako Udal Antolamendu Aholku Kontseilua bildu zen, aldaketa-proposamen hau aztertzeko. Ondoren, kontsulta publikoa egin zen, eta horren ostean proposamena Hirigintza Batzordetik pasa zen eta 2025eko irailaren 29ko osoko bilkuran hasiera batean onartu zen.
Orain, hilabeteko epea irekitzen da, dagokion iragarkia Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, alegazioak aurkezteko, behin-behinekoz onartu aurretik.
Epe horretan, espedientea interesdunen eskura egongo da udal bulegoetan, 08:00etatik 14:00etara.
Era berean, Planaren osagai diren dokumentuak udalaren webgunean egongo dira eskuragarri.
Herriari irekita dagoen informazio-saioan, aldaketaren azalpena eta azken edukia zehaztuko dira, baita dokumentua kontsultatzeko moduak ere.
Saioaren amaieran, galdera-txanda bat ezarriko da.
Parte hartu!