Amurrioko Udalak eta APAFAI Elkarteak, Ayala inguruko autismoa duten pertsonen eta euren familien elkarteak, lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur, autismoa eta Autismo Espektroko Nahasmendua (AEN) duten pertsonen eta euren familien bizitza-kalitatea hobetzeko ekintzak garatzeko.
APAFAI elkartea Ayala inguruko autismoa duten pertsonen eta euren familien beharrei erantzuteko sortu da, baita kalitatezko hurbileko baliabideak sustatzeko ere, besteak beste, sozializazio- eta kontziliazio-estrategiak bultzatzen dituztenak.
2025erako 5.000 €-ko aurrekontua duen eta 2026an handitzeko aurreikuspena duen akordioak jarduera hauek jasotzen ditu: gaitasun psikosozialaren garapena, hezkuntza-indartzea, familien laguntza, eta aisialdi eta denbora librea sustatzeko jarduerak. Akordio honek, halaber, 2026an arreta terapeutikorako zerbitzu bat martxan jartzeko lokal baten egokitzapena ahalbidetuko du.
Amurrioko Udalaren ustez, funtsezkoa da AENaren ikusgarritasuna handitzea, autismoa gure eskualdeko pertsona askori eragiten dien neurodibergentziazko egoera gisa ulertarazteko, eta kolektiboarekiko tolerantzia eta errespetua sustatzeko.
“Garrantzitsua da gizarteak benetan zer den ezagutzea eta kontziente izatea, eta AEN duten pertsonen eta euren familien baliabide eta laguntza funtsezkoetara sartzea erraztea”, adierazi du Amurrioko alkate Txerra Molinuevok.
APAFAItik deia egiten zaie AEN duten pertsonak eta kolektiboko familiek elkartearekin harremanetan jartzeko, behar eta bizipenak partekatzeko, eta irtenbide eta alternatibak modu kolektiboan, komunitatearen inplikazioarekin, bilatzeko.